Legen Beltza musika taldeak jarduna eten du

Uztarria.eus 2012ko mai. 2a, 14:40
Legen Beltza taldeko kideak entseatzen.

Hamahiru urteko ibilbidearen ostean, "laneko konpromezuak eta taldekideen distantziak" direla-eta jarduera mugagabe bertan behera uztea erabaki du taldeak. Dena dela, "hau ez da agur bat, gero arte bat baizik" esan dute. Ibilbidean bost disko kaleratu ditu Azpeitiko taldeak.

Legen Beltza musika taldeak hamahiru urteko ibilbidearen ostean, bere jarduera bertan behera uztea erabaki du. Hala esan dute taldekideek: "Laneko konpromezuak eta taldekideen distantziak direla-eta jarduera mugagabe bertan behera uztea erabaki dugu". Dena dela, "hau ez da agur bat, gero arte bat baizik" esan dute. Taldeak eskerrak eman nahi izan dizkio urte guzti hauetan aurrera bultzatu dituen jendeari, diskoen grabaketan lagundu diotenei, kontzertuetara bertaratu direnei, kontzertu antolatzaileei, webzine edo aldizkarietako jendeari, eta diskoa erosiz taldea lagundu dutenei.

Taldea 1999an sortu zuten Joseba Azkuek, Ekaitz Garmendiak, Iban Hernandezek eta Xanti Rodrigezek. Bost disko kaleratu dituzte hamahiru urteotan: Need to suffer (Autoekoizpena, 2010), Dimension of Pain (Mausoleum Records, 2006), Total insanity (El Diablo, 2005) Insanity( Crash Music Inc., 2003), Istorio triste bat (IZ Rock, 2001).

Informazio gehiago taldearen web orrian.