Herriko hondakinen bilketa sistema hobetzearen alde agerraldia Betharramen

Uztarria.eus 2012ko api. 28a, 00:41
Betharrameko frontoian egin dute agerraldia.

Azpeitia Zero Zaborrek (AZZ) deituta, dozenaka herritarrek egin dute bat eskaerarekin. Hobetu daiteke, zergatik ez? leloarekin abian jarri nahi duten dinamika herritarraren lehen agerraldi gisa, adierazpen bat irakurri dute.

Hauxe da, osorik, gaur (ostirala) arratsaldean Betharrameko frontoian elkartutakoen izenean plazaratutako adierazpena:

"Gaur hemen bildu garen azpeitiarrok, sentimendu kontrajarriz bizi izan ditugu azken asteetan hondakinen kudeaketaren inguruan jazo diren gertaerak. Gugan izan ditugu ilusioa eta kezka, gogoa eta beldurra. Bonbardaketa mediatiko baten erdian topatu gara. Ideia nahasiak eta kontrajarriak helarazi zaizkigu herritarroi azkenaldi honetan.

Egoera honen aurrean, agerraldi honetara hurbildu garenok, honakoa adierazi nahi dugu:

Azpeitian urteak daramatzagu, hondakinen kudeaketa kaxkarraren ondorioak pairatzen Lapatxeko zabortegia dela eta. Ez dugu gehiago halakorik sufritu nahi eta era berean, ez diogu beste inori halakorik opa. Zein bide jarraitu behar dugu helburu horiek erdiesteko?

Bestelako neurririk hartu gabe Lapatxeko zabortegia ixte hutsak, arazoa ezkutatzen jarraitzera bakarrik garamatza. Guk zero zabor estrategia ematen dugu ontzat eta norabide horretan, gure esku dagoena egiteko gogoz gaude. Murriztu, berrerabili eta birziklatu, hiru hitz horietan, ekinbide horietan laburtzen da zero zabor estrategia. Hor jarri nahi ditugu eta hor jarriko ditugu gure indarrak. Inork ez dezala zalantzarik izan, bide horretatik lortuko dugu gaur egungo zabortegi ereduarekin, tartean Lapatx, behin betikoz amaitzea beste inori hain errelebo tristea pasa beharrik izan gabe, dela zabortegia, dela errauskailua.

Norabide horretan, hondakinak gaika biltzeak eta beraz bilketa sistemak, duen garrantziaz jabetzen hasiak gara. Hainbat herritan, bilketa sistema berriekin sekulako emaitzak lortzen ari direla badakigu eta gure herrian duguna, asko hobetu daitekeela ere bai. Hemen gaudenetako batzuk, atez ateko bilketa sistema ezagutu eta defendatzen dugu. Beste batzuk berriz, ez dugu bilketa sistema hau ezagutu ere egiten. Denok ez dugu berdin pentsatzen, baina batzen gaituena askoz gehiago dela sinetsita gaudenez, hor jartzen dugu arreta. Ideia honetatik abiatuta, oso galdera sinplea jartzen dugu mahai gainean: gaur egungo Azpeitiko hondakinen bilketa sistema hobetu badaiteke, zergatik ez dugu egingo?

Orain arte egin dugunaz balorazio asko egin daitezke, maila pertsonalean, herri gisa, instituzioetan... Baina nahiz eta egindakoaren erantzukizunak hor dauden, etorkizunari ilusioz begiratzen diogu. Hemen gaude, dozenaka azpeitiar, gure herria zero zabor herri izatera iritsiko den itxaropenez. Ikasteko gogoz, hausnarketarako prest, eztabaidatzeko beldurrik gabe eta noski, akordioak erdiesteko konbikzioarekin.

Guzti honengatik, prozesu parte hartzaile zabal bat ireki behar dela deritzogu, bertan, herritarrok informazioa jaso eta gure iritziak plazaratuz, Azpeitira ondoen egokitzen den hondakinen bilketa sistema diseinatu dezagun. Eraiki dezagun guztion artean, gaur egun duguna baino hobea izango den hondakinen bilketa sistema berria Azpeitian. Eraiki dezagun etorkizun hobe bat denok batera".