Irakurleen sari bikoitza Fernando Morillorentzat

Uztarria.eus 2012ko api. 25a, 21:13

Cartagenan (Espainia) Leonardoren hegoak liburuaren gaztelaniazko bertsioarekin (Las alas de Leonardo) Hache sariketako bigarren saria eman diote, eta Ikastolen Elkarteen JUUL sarietako bat ere, DBHko bigarren zikloari dagokion hirugarrena, azpeitiarrari eman diote ikasleek. "Ikaragarri pozik" hartu ditu sariok Morillok. Gaumin argitaletxean lantzen ari diren proiektu berriez ere hitz egin du Uztarriarekin.

Fernando Morillok (Azpeitia, 1974) bi sari berri lortu ditu. Azpeitiar idazlea bereziki betetzen duten moduko sariak izan dira gainera, "erabat irakurleek emandakoak", alegia. Cartagenan (Espainia) Leonardoren hegoak liburuaren gaztelaniazko bertsioarekin (Las alas de Leonardo) Hache sariketako bigarren saria eman diote, eta Ikastolen Elkarteen JUUL sarietako bat ere, DBHko bigarren zikloari dagokion hirugarrena, azpeitiarrari eman diote ikasleek.

"Ikaragarri pozik" hartu ditu sariok Morillok. JUUL sarietan "ia-ia harpidetuta" dagoela dio, umorez; izan ere, azken lau urteetan urtero eman diote sariren bat, "bat ez bada bi". Aurtengoa Ortzadarra sutan liburuaren eskutik iritsi zaio. "Aspaldiko liburua da -dio-, baina poz ematen du oraindik bueltaka dabilela eta ikasleek gustura irakurri dutela jakiteak".

Pozarekin batera ezustea, Cartagenatik etorri zaio. Morillok berak nabarmendu duenez, Leonardoren hegoak da euskaratik beste hizkuntza batera -kasu honetan, gaztelaniara- itzulita dagoen bere lan bakarra, "eta harrituta nago egiten ari den bidearekin". Cartagenako Hache sariak bi sail ditu, helduentzako literaturarena eta gazteentzako literaturarena. Azpeitiarrak "erabat ezustean" hartu zuen handik abisua, gazteentzako lanen sailean hiru finalistetako bat zela esanez deitu ziotenean; "izan ere, han bai ez nauela inork ezagutzen", dio. Cartagenan bertan egoteko aukera ere izan zuen, "800 gazterekin, hitzaldiak ematen" eta, azkenean, bigarren saria eman diote.

Leonardoren hegoak liburuaren gaztelaniazko bertsioa Morillok berak idatzi zuen eta "inongo kanpainarik egin gabe" izaten ari den harrera onarekin oso gustura dago idazlea. Liburua italierara itzultzeko aukera ere ari dira aztertzen.

Proiektu bereziak esku artean

Gaumin argitaletxean lantzen ari diren proiektu berriez ere hitz egin du Fernando Morillok Uztarriarekin. "Zenbat aldiz entzun behar izan genituen 'baina nora zoazte, krisi garai honetan, eta argitaletxe batekin, gainera', eta horrelakoak", dakar gogora, baina iaz aurkeztu zuten argitaletxearen ibiliarekin ere "oso gustura" dago.

Orain arte Morillo beraren lanekin hornitu dute ibili hori, baina badituzte esku artean azpeitiarrari ilusio berezia eragiten dioten beste era bateko proiektuak ere, "azpeitiarrekin zerikusia" izango duen bat tartean dela: Xanti Rodriguezekin batera, euskal mitologiaren inguruko proiektu bat ari da lantzen. Morilloren testuak abiapuntu hartuta, infografia, musika eta antzezpena batuko ditu "liburua baino, esperientzia bat" izango den lan horrek. "Mitologia Xanti eta ni betitik erakarri izan gaituen gaia da. Askotan hitz egin izan dugu, euskal mitologiari dagokionez, helduei begira egindako zerbait falta zela". Eta "zerbait" hori abian jarri dute, azkenean. "Nik pare bat gauza idatzita banituela esan, eta bera (Xanti) pizten joan da", azaldu du idazleak. Udazkenerako prest izan nahi dute, Durango Azokari begira, eta jende asko eta askotarikoak "erakarri" dituzte proiektura: Su ta Gar eta Diabulus in Musica taldeak, Iban Garate, Xabier Euzkitze, Estitxu Fernandez eta Lakrikun Antzerki Taldekoak, besteak beste. "Erabat pasioz" egindako proiektua dela argitu du Morillok, "dirurik ez dago eta".

Gauminek atera asmo duen bestea Karlos Zurutuza kazetariaren liburu bat da. Hainbat gerra eta gatazkaren lekuko eta kontalari aritzen da Zurutuza eta, Gauminekin kaleratuko duen lanera, "gerra giroko begiradak, betiko galtzaileen begiradak" ekarri nahi dituzte.