Bernardo Aizpitarte 'Kabra'-ren biografia aurkeztu du Uztarriak

Uztarria.eus 2012ko api. 21a, 15:19
Ezkerretik eskubira, Mailo Oiarzabal Uztarriako kazetaria, Joxin Iturrioz liburuaren egilea eta Joxe Manuel Aizpitarte Bernardoren anaia.

Bernardo Aizpitarte Kabra zenaren biografia aurkeztu du Uztarria Komunikazio Taldeak gaur, zapatua. Baigerako aretoan izan da aurkezpen ekitaldia eta jende ugari bildu da bertan. Bernardoren senitarteko eta lagunak ere han izan dira. Joxin Iturriotzek idatzi du liburuxka.

Bernardo Aizpitarte Kabra zenaren biografia aurkeztu du Uztarria Komunikazio Taldeak gaur, zapatua. Baigerako aretoan izan da aurkezpen ekitaldia eta jende ugari bildu da bertan. Bernardoren senitarteko eta lagunak ere han izan dira.

Joxin Iturriotzek idatzi du biografia eta, berak azaldu duenez, "“neuk proposatu nuen bere garaian Kabrari buruzko liburua egitea, eta urte eta erdira bueltan etorri zitzaidan proposamena". Idazleak esan duenez, "banekien Kabraren inguruan asko zegoela kontatzeko, eta guztia esaterik izan ez badut ere, konfirmatu dur zer esana bazegoela". Bestalde, liburua egiterakoan "zailtasunak" izan dituela, eta "ildo edo ibilbide bat jarraitzen saiatu" dela esan du Iturriotzek.

Aurkezpenean Bernardo Aizpitarte Kabra zenaren anaiak, Joxe Manuel Aizpitartek, ere hartu du hitza. Hark onartu duenez, "gogorra egin zait mahaian jartzea oroitzapenak gogoratzen direlako". Kabraren familia gogoratu nahi izan du Joxe Manuelek: "Anaiak jasan zuen sufrimendu horren atzean zegoen familia bat, eta haiek gogoratu nahi ditut. Bernardok bultzada jaso zuen-eta familia zein lan arlotik".

Zortzigarrena eta aurtengo lehena

Bernardo Aizpitarte Kabra-ri eskainitako liburuxka Uztarria Komunikazio Taldeak 2009an abian jarri zuen liburuxka biografikoen proiektuaren zortzigarren alea da. Lehenengoa Julian Bereziartuarena izan zen eta bigarrena, Leo Etxeberriarena. Hirugarrena, Valentina Agirrerena eta laugarrena, Santi Lazkanorena. Uztarriak kaleratutako bosgarren liburuxka Amaia Garmendiarena izan zen eta Enkarna Arregirena, seigarrena. Joan den azaroan argitaratu zen zazpigarrena, Iñaki Bergara Pio-rena.

Herriko kazetari gazteei idazteko aukera ematea eta hainbat azpeitiarren biografiak argitaratzea dira Uztarriak proiektu honetan uztartu nahi dituen helburuak.

Bernardo Aizpitarte Kabra-ri buruzko liburuxka herriko liburudendetan eta Uztarriaren egoitzan (Perez Arregi, 1 behea) salgai izango da datorren astetik aurrera, 5 euroren truke.