Errenta aitorpena euskaraz egitera animatuz kanpaina abiarazi du Udalak

Uztarria.eus 2012ko api. 20a, 20:35
Ainhoa Beristain gaurko agerraldian, kanpainaren kartelekin. (AZPEITIKO EUSKARA PATRONATUA)

Iaz Azpeitian aurkeztu ziren 7.803 aitorpenetatik 2.260 izan ziren euskaraz, %29a. Hamar mila biztanletik gorako herrien artean, batez beste, Azpeitian aurkeztu zen euskarazko aitorpen kopuru altuena, baina zenbaki hori urtetik urtera hazten joatea da helburua. Gipuzkoako Foru Aldundia edozein foru departamendurekin harremana euskara hutsez izan nahi duten herritarren errolda osatzen ari dela ere gogorarazi du Ainhoa Beristain Udaleko Euskara batzordeburuak.

Urteroko errenta aitorpenaren kanpaina -kasu honetan 2011. urteko zergei dagokiena- martxan da Gipuzkoan eta, aurten ere, Udalak azpeitiarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu nahi ditu. Horretarako komunikazio kanpaina jarri du abian, kalean jarri dituzten kartelen bidez, eta kanpainaren berri eman dute gaur, ostirala, prentsaurrean Euskara Patronatuan.

Ainhoa Beristain Udaleko Euskara batzordeburuaren hitzetan, "errentaren aitorpena euskaraz egitea errentagarriagoa da euskararentzat. Errenta aitorpena euskaraz egitea euskarari balioa ematea da. Izan ere, gero eta gehiago erabili, gero eta balio handiagoa hartzen du euskarak, gero eta errentagarriagoa da euskararentzat eta baita euskaldunontzat ere", eta hori kontuan hartuta animatu nahi izan ditu herritarrak errenta aitortzerakoan euskara ere kontuan hartzera. Apirilaren 17an hasi eta ekainaren 25era arte luzatuko da aurten errenta aitorpenak egiteko epea.

Beristainek datuak ere eman ditu. Iaz Azpeitian aurkeztu ziren 7.803 aitorpenetatik 2.260 izan ziren euskaraz, %29a. Hamar mila biztanletik gorako herrien artean, batez beste, Azpeitian aurkeztu zen euskarazko aitorpen kopuru altuena. "Ogasunaren arlo honetan ere, beste arlo askotan bezalaxe, euskara poliki-poliki eta urtetik urtera aurrera egiten ari da etenik gabe", nabarmendu du Euskara batzordeburuak, baina zenbaki hori urtetik urtera hazten joatea da helburua.

Aldundiaren errolda

Bestetik, aurtengo errenta kanpainaren bidez Aldundiaren edozein departamendurekin harremana euskara hutsez izan nahi duten herritarren, entitateen eta erakundeen errolda sortuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta hori ere gogora ekarri du Ainhoa Beristainek. "Azpeitiko Udalak ere azpeitiar guztiak horretara animatu nahi ditu: joan daitezela Gipuzkoako Ogasunak eta Finantza departamentuak Azpeitian dituen bulegoetara -Julian Elorza kaleko 3. zenbakian daude- eta bete dezatela inprimakia, Foru Aldundiak beraiekin euskaraz egiteko", esan du.

Udalak martxan jarri duen kanpainaren barruko argibide gehiago, Euskara Patronatuaren Erabili.com webgunean.