The Friday's Crew, epaimahaiaren iritziz onena

Uztarria.eus 2012ko api. 19a, 13:29

Hala erabaki du Olatz Prat, Eneko Alberdi, Koldo Eizmendi, Ekaitz Garmendia, Unai Frantzesena eta Ane Otaegik osatutako epaimahaiak. Dena dela, erabakitzeko dago zein izango den 2012ko Elkartasun Eguneko abestia. 

Epaimahaiak erabakita, Elkartasun Egunera begira antolatutako lehiaketan parte hartzen ari diren herriko hamar taldeen kantuetatik onena The Friday's Crew taldearena izan da. Hala erabaki dute, Olatz Prat, Eneko Alberdi, Koldo Eizmendi, Ekaitz Garmendia, Unai Frantzesena eta Ane Otaegi epaimahaikideek. Iosu Urbieta Pou azpeitiar preso politikoak ere epaimahaia osatu behar zuen, baina antolatzaileek esan dutenez, "abestiak ezin izan ditu jaso". Skandaluerena izan da adituen iritziz bigarren abesti onena, eta Kasik taldearena hirugarrena. 

Dena dela, oraindik erabakitzeko dago zein izango den 2012ko Elkartasun Eguneko abestia. Antolatzaileek esan dutenez, "astelehenean jakinaraziko dute zein talderen abestia izango den lehiaketako irabazlea". Izan ere, epaimahaiaren erabakiak %50eko balioa du kantua aukeratzerakoan. Beste %50a jendaurreko aurkezpeneko eta internet bidezko bozkekin erabakita dago. Interneteko bozketako irabazlea Skandalue izan zen bozken %21a jasota. Jendaurreko aurkezpenean ere Skandalue nagusitu zen.