Lehenengo ziztada bidean da Azpeitian

Uztarria.eus | Komunikabideak | Argazkia
2012-04-19 11:22

Atzo, asteazkena, Berria Taldearen Zure ziztada behar dugu kanpainako bigarren fasearen barruan, herriz herri eta arloz arlo laguntzaileak lortzearen harira bilera egin zuten Azpeitian. Mikel Arregi Berria-ko gerenteak azaldu zituen xehetasunak, Berria-ko langile ohi Estitxu Elduaien lagun zuela, eta herriko hainbat eragiletako ordezkariak (ikastetxeetakoak, kirol taldeetakoak...) eta norbanakoak bertaratu ziren. Bileraren asmoa izan zen Zure ziztada behar dugu kanpainaren nondik norakoak eta Berria eta eskualdetako Hitzen egoera nolakoa den azaltzea.

"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, Berrialaguna komunitatea indartzeko eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea. Hori dela-eta, Arregik atzo azaldu zuenez, "geroago, berriz, eragile denekin jarriko gara harremanetan eta orduan zehaztuko da bakoitzak, zer, zenbat nola edo noraino egin lezaken, kanpainaren barruan eta kanpainaren alde".

Arazo ekonomikoek bultzatuta, Berria iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi zuen egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten Berria-ko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa (paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin) eta krisi ekonomikoa (erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago).

Euskarazko komunikabideen sarea osatu eta haiek etorkizunari begira jartzeko Zure ziztada behar dugu kanpaina iazko udazkenean abiatu zuen Berria Taldeak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa