1.700 lagunetik gora izan da sokamuturrari buruzko argazki erakusketan

Urola Kostako Hitza 2012ko api. 17a, 17:30
Valen Garciaren argazki honek irabazi su Sari herrikoia. 'Begirada' du izena. (VALEN GARCIA)

Ikusleek gustukoen zuten irudiari botoa emateko aukera izan dute eta boto horiekin erabakitako Sari Herrikoia Valen Garciaren argazki batek irabazi du. Guztira 1.043 boto jaso dira.

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta XXXIII. Sokamuturra Argazki Lehiaketa-Imanol Elias saria jokatu zen pasa diren inauterietan. Argazki lehiaketara aurkeztutako argazkiekin irekitako erakusketak beste behin harrera bikaina izan du, 1.727 lagunek ikusi dute Betharrametako argazki erakusketa.

Argazki erakusketa martxoaren 17tik hil horren azken egunera arte eduki dute zabalik argazki elkartekoek eta han lehiaketara aurkeztutako 106 argazki egon dira ikusgai. Ikusleek gustukoen zuten irudiari botoa emateko aukera izan dute gainera, hala 1.043 boto jaso dira.

Boto gehien jasotako argazkiari Sari Herrikoia emango dio Azpeitiko Argazki Elkarteak. Oraingo honetan Valen Garciaren Begiradak izenburuko argazkiak jaso ditu boto gehien eta hari emango diote saria. Garciak oroigarri bat jasoko du argazki elkartearen eskutik.

Erakusketan botoa eman duten pertsonen artean, berriz, hamar argazki zozkatuko dituzte.

Inauterietako sokamuturraren inguruko argazki lehiaketako epaimahaiak emandako sari nagusia Juan Mari Amenabar Otola-k jaso zuen, Zezena izeneko argazkiarekin.