Interneten ere Skandalue nagusi

Uztarria.eus 2012ko api. 16a, 20:24

Elkartasun kantu lehiaketak bete du bigarren fasea eta, martxoaren 31ko kantuen jendaurreko aurkezpenean bezala, sarean ere Distantziak laburtuz izan da boto gehien jaso duen kantua. Lehiaketaren hirugarren eta azken fasean, adituen epaimahaiak izango du orain hitza.

Apirilaren 4tik 15era, elkartasunkantulehiaketa.blogspot.com.es/ blogean izan du jendeak aurtengo Elkartasun Egunari begira antolatutako lehiaketan parte hartzen ari diren herriko hamar taldeen kantuak entzun eta botoa emateko aukera. Guztira 2.231 eman dituzte eta Skandalue izan da boto gehien pilatu duen taldea: 482 jaso dituzte, %21a. Skandaluaren ondoren, honela geratu da Interneteko bozketaren sailkapena: Inpernuko hauspoak (%16), Egurra ta Kitto! (%14), Segabathor (%13), The Friday's Crew (%10), Belar Txarrak (%9), Kasik (%7), Old Bridge (%3), Sardin zaharrak (%2) eta Aldexok (%1).

Maiatzaren 19an egingo den Elkartasun Egunerako kantua aukeratzea da lehiaketaren xedea. Sanagustingo jendaurreko aurkezpen kontzertuko botoek bezala, Internet bidez emandakoek ere puntuaketa orokorraren %25ko balioa dute. Lehiaketaren hirugarren eta azken fasean, adituen epaimahaiak izango du orain hitza.