Aitzealdenk! jaialdia antolatu dute apirileko azken astebururako

Uztarria.eus 2012ko api. 16a, 14:44
Antolatzaileak eta laguntzaileak, Sanagustinen.

Aitzealdenk! Zuzenean musika jaialdia izango da apirilaren 27an, 28an eta 29an Sanagustin kulturgunean. Herriko, Euskal Herriko zein atzerriko zortzi talde izango dira oholtzan hiru egun horietan: Mondocane, Capsula, Antilles, Willis Drummond, Inoren ero ni, We are Standar, Santiago Latorre eta Rauelsson.

Aitzealdenk! Zuzenean musika jaialdia izango da apirilaren 27an, 28an eta 29an Sanagustin kulturgunean. Herriko, Euskal Herriko zein atzerriko zortzi talde izango dira oholtzan hiru egun horietan: Mondocane, Capsula, Antilles, Willis Drummond, Inoren ero ni, We are Standar, Santiago Latorre eta Rauelsson.

Jaialdiko egun bakoitzerako sarrerak salduko dituzte, baina nahi duenak hiru egunetako bonoa eskuratu ahal izango du. Sanagustineko webgunean zein Aitzealdenk!-en webgunean erosi ahal izango dira sarrerak gaurtik aurrera.

Ostiralean, hilaren 27an, herriko Mondocane taldeak, Antillesek eta Capsulak joko dute. Sarrera aurrez erosiz gero, 12 euro ordaindu beharko da. 22:00etan hasiko dira kontzertuak. Egunean bertan, berriz, 15 euro kostako da. Zapatuan, hilaren 28an, 22:00etan hasita, Inoren Ero Ni, Willis Drummond eta We Are Standar taldeak izango dira oholtzan. Hauek ikusteko ere, 12 euro edo 15 euro ordaindu beharko da. Igandean Santiago Latorre eta Rauelsson izango dira Sanagustinen. Horiek emango diote Aitzealdenk! Zuzenean jaialdiari bukaera, eta aurrez zortzi euro eta egunean bertan 10 euro ordaindu beharko da sarrera. Hiru eguneko bonoa 24 euroren trukean eskuratu ahal izango da.

Gaur, astelehena, aurkeztu dute musika jaialdia antolatzaileek Sanagustinen eta 2009ra arte bederatzi aldiz egin zen Triku Festie aipatu dute: "2009an egin zen azkenekoz. Ordutik gaur arte, hutsunea egn da. Ordutik gaur arte, ordea, herrian aldaketa nabarmena egon da, agerian duzuena: Sanagustin kulturgunea daukagu orain eta Kultur Mahaiak kudeatzen du, hau da, herriko kultur taldeok kudeatzen dugu, eta testuinguru berri honek aurrekoari jarraipen moduko bat egingo dion bigarren proiektua abiaraztea ahalbidetu digu".

Antolatzaileek gaineratu dutenez, "hau ez da guztia": "Udazkenean Aitzealdenk! Zuzenean musikaldiaren bigarren edizioa izango baitugu. Urriaren amaiera aldera izango da, hura ere hiru egunekoa, eta ari gara taldeak lotzen". Aurreratu dute, "Lisäbo eta Ama Say taldeak Sanagustinen izango dira urrian".

Udaleko Kultura batzorde buru Imanol Amenabar ere aurkezpen ekitaldian izan da, eta "Udalaren babesa dutela eta jaialdi interesgarria antolatu dutela" esan du.

Antolatzaileek esan dute, "Aitzealdenk! Zuzenean musikaldiari bizitza oparoa emango diogu eta herriarentzako, bailararentzako eta kulturarentzako onuragarria izango dela uste dugu". Hori dela-eta, eskerrak eman dizkiote Azpeitiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Gazteari, Kronenburgi, Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteari, Martinez Inprimategiari, Kelerri, La Brasileñari, Coca Colari, FK Kopistegiari eta Arabarte ardoaki.