Nuarben erasotu zuten emakumearen familiak gertatutakoa argitzea eskatu du

Uztarria.eus 2012ko api. 12a, 18:43

Ertzaintzak ikerketa zabalik dauka. Joan den abenduan jazotako beste gertaera baten berri ere eman dute. Amaia Azkueren hilketa argitzeko epaiketan emandako testigantza abenduko hartaz izan zela ere nabarmendu nahi izan dute.

Joan den martxoaren 16an Nuarben erasotua izan zen emakumearen familiak gertatutakoa argitzea eskatu eta azken hilabeteetan bizitako beste zenbait gertaeren gainekoak argitara ematea erabaki du. Erasoari dagokionez, orain arte ez dute erasotzailea aurkitu, baina Ertzaintzak ikerketa zabalik mantentzen du, emakumearen senitartekoek Uztarriari jakinarazi diotenez.

Erasoa pairatu zuen Nuarbeko emakumea Amaia Azkueren hilketa argitzeko epaiketan testigantza eman zutenetako bat da. Hain zuzen ere, ustez epaiketa horrekin lotuta joan den abenduaren 13ko iluntzean jazotako gertaera batez hitz egin du familiak. Egun hartan, gizonezko bat joan zitzaien etxera eta martxoan erasotuko zuten emakumea izan zen atea ireki ziona: "Kasko bat zeraman buruan, plaka bat erakutsi, ertzain bezala identifikatu, eta epaitegiko zitazio bat zekarrela esan zuen, para la chavala de Ander Etxeberria, horrelaxe". Emakumea suhiaren bila igo zen eta, biak sarrerara jaitsi zirenean, gizonaren arrastorik ez zegoen. Susmo txarrak hartuta, ertzain-etxera deitu zuten; han esan zieten ez zekitela zitazio hartaz ezer. Hurrengo egunean ertzain-etxera joan eta gertatukoaren berri eman zuten, "baina horretan geratu zen dena".

Amaia Azkueren hilketaren epaiketan, eta Nuarben erasoa gertatu bezperan, lekukotza eman zuten familiako zenbait kidek. "Guk abenduan gertatu zitzaiguna kontatu genuen, besterik ez. Defentsak deituta, baina ez genuen ez inoren aldeko eta ez inoren kontrako lekukotzarik eman, etxean pasatu zitzaiguna kontatzea besterik ez genuen egin", azpimarratu dute. "Jende askok ez du honen berririk, eta guk jakitea nahi dugu, gauza asko ari direlako esaten, ezjakintasunetik", gaineratu dute familiakoek.