112 haur eta gaztetxok hartuko dute parte Pazko Asteko ekintzetan

Uztarria.eus 2012ko api. 10a, 19:01

Gaur hasi eta ostirala bitartean, egunero izango dituzte hitzorduak goizez, 10:00etatik 13:00etara. 5 eta 12 urte bitartekoentzat egitarau bat dute prestatua eta beste bat 12 eta 16 urte artekoentzat. Hezitzaile gutxiago dituzte aurten, aurrekontu murrizketagatik, baina zozketarik egin beharrik ez dute izan, uste baino ume gutxiagok eman duelako izena.

Gaur, asteartea, hasi dira haur eta gaztetxoei zuzendutako Pazko Asteko ekintzak, Udaleko Gazteria sailetik bideratzen dituztenak. Gaur hasi eta ostirala bitartean, apirilak 13, egunero izango dituzte hitzorduak goizez, 10:00etatik 13:00etara.

Guztira 112 dira astean zehar garatuko dituzten ekintzetan parte hartuko duten haur eta gaztetxoak. 5 eta 16 urte artekoek dute parte hartzeko aukera, bi multzo nagusitan banatuta; 5 eta 12 urte bitartekoentzat -52 dira- egitarau bat dute prestatua eta beste bat 12 eta 16 urte artekoentzat. Azken adin-multzo honen kasuan, aldez aurretik proposatutako bi ekimenetarako bakarrik eman dute izena gaztetxoek: asteazkenean Sanagustinpean egingo den patata tortilla lehiaketarako eta ostegunean Garmendipeko zelai artifizialean jokatuko den futbito txapelketarako. Bi horietarako 60 lagunek dute izena emana.

Ekintzak goiz partean soilik egingo dituzte, baina bada salbuespen bat, ostegunean 5 eta 12 urte artekoek egunpasa egingo baitute; txikienak Txiki Park-era joango dira, eta kozkorragoak, berriz, Txindokiko Itzala abentura parkera.

Zozketa beharrik ez

Aurrekontu murrizketak udalekuen antolaketari ere eragin dio. Horrela, aurtengo Pazko Asteko ekintzetarako "nahi adina hezitzaile ezin hartu" izan dituztela eta, parte-hartzaile kopurua ere murriztu egin beharko zutela adierazi zieten bere garaian gurasoei, Aloña Larrañaga teknikariak azaldu duenez.

Izen-ematea mugatua izango zela eta, apuntatutako ume kopuruaren arabera zozketa egitearen aukera ere aipatu zuten antolatzaileek. Eta, horren eraginez antza, azkenean "espero baino gutxiago" izan dira apuntatu direnak. "Zozketa egin beharrik ez dugu izan, gutxiago apuntatu direlako. Seme-alabak kanpoan geratzeko arriskuaren aurrean, zenbait gurasok izenik ez ematea erabaki dutela uste dugu", esan du Larrañagak. Gauzak horrela, udako udaleku irekietarako "beste formularen bat" aztertzeko prest daudela dio.