Elkartasun kantu lehiaketako lehenengo fasean Skandalue nagusi

Uztarria.eus 2012ko api. 4a, 13:55
Skandalueko kideak zapatuan Sanagustinen. (Jesus Artola)

Zapatuko bozketa eta gero, hasi da kantuen sailkapena forma hartzen. Herritarren bozketak lehiaketan %25eko balioa du. Hori dela-eta, Skandalue taldea izan zen herritarren bozka gehien jaso zuen taldea. Bigarren bozkatuena, berriz, Belar Txarrak izan zen, eta Kasik hirugarrena. Gaur bertan, asteazkena, jarri dute abian lehiaketaren bigarren fasea: Interneten jarri dituzte kantu guztiak, elkartasunkantulehiaketa.blogspot.com.es/ blogean, eta dagoeneko hor ere eman daitezke bozkak.

Joan den zapatuan, martxoak 31, Elkartasun kantu lehiaketako zuzeneko aurkezpena egin zuen herriko hainbat taldek. Ordu eta erdi inguruko saioa izan zen, eta Sanagustin kulturgunea jendez leporaino bete zen, herritarrek zuten-eta bozka bidez kantu onena aukeratzeko parada. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko aldarria gau guztian presente egon zen, nola ez, elkartasun lehiaketak ez zuen-eta zentzurik izango aldarri hori gabe".

Zapatuko bozketa eta gero, hasi da kantuen sailkapena forma hartzen. Herritarren bozketak lehiaketan %25eko balioa du. Hori dela-eta, Skandalue taldea izan zen herritarren bozka gehien jaso zuen taldea. Bigarren bozkatuena, berriz, Belar Txarrak izan zen, eta Kasik hirugarrena. Antolatzaileek esan dutenez, "ezer ez dago erabakita, gainontzeko taldeak atzetik dituzte-eta".

Bloga martxan

Gaur, asteazkena, arratsaldean lehiaketaren bigarren fasea jarri dute abian. Sarean jarri dituzte kantu guztiak, elkartasunkantulehiaketa.blogspot.com.es/ blogean. Horrenbestez, nahi duen orok Internet bidez bozkatzeko aukera izango du. Bigarren fase honek ere %25eko balioa izango du lehiaketan. Apirilaren 15ean bukatuko da internet bidez bozka emateko epea.

Lehiaketaren bozketa prozesua osatzeko, ordea, azpeitiar adituek osatutako epaimahaiak baloratuko du, eta apirilaren 16tik aurrera jakingo da zein izango den 2012ko Elkartasun Eguneko kantua. Lehiaketaren sustatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiote Sanagustin kulturguneari, Ekaitz Garmendia grabazioko teknikariari zein herritarrei orain arte eman duten erantzunagatik.

Hamar taldek hartu dute parte 2012ko Elkartasun Eguneko abestia izango dena aukeratzeko lehiaketan: Old Bridge, Sardin Zaharrak, The Friday's Crew, Belar Txarrak, Segabathor, Aldexok, Kasik, Egurra ta kitto!, Skandalue eta Infernuko Hauspoa.