Podiumera igo da Antonio Aristi denboraldiko lehen karreran

Uztarria.eus 2012ko api. 3a, 20:30
Aristik eta Arruabarrenak Seat Leon Copa honekin hartzen dute parte CER txapelketan.

Espainiako Iraupen Kopan (CER) ari da aurten ere, Harriet Arruabarrenarekin bikotea osatuta. Nafarroako Zirkuitoan, Los Arcosen, egin dituzte urteko lehendabiziko lasterketak, joan den aste bukaeran, eta horietako batean bigarren postuan sailkatu ziren.

Antonio Aristi auto-gidariak ondo ekin dio denboraldiari. Espainiako Iraupen Kopan (CER) ari da aurten ere, Seat Leon Copa batekin eta Harriet Arruabarrenarekin bikotea osatuta, eta urteko aurreneko proban podiumera igotzea lortu dute.

CER txapelketan lasterketak bi manga edo saiotan egiten dituzte; manga bakoitza indibidualki puntuatzen dute, azken sailkapenerako. Los Arcosen, zapatuko sailkatze saioetan, Aristik eta Arruabarrenak aurreneko lasterketarako bigarren denborarik onena egin zuten, eta laugarren denbora, berriz, bigarren lasterketarako. Igandean, aurreneko lasterketan bezperako lana berretsi eta bigarren postua lortu zuten. Bigarrengoan askoz atzerago sailkatu ziren; arazo mekanikoak izateaz gain, aurreneko lasterketan postu ona egiteak bigarrengorako denbora gehitzea dakarrelako txapelketan.

Nafarroakoaz gain beste bost probak osatzen dute 2012ko CER txapelketaren egutegia. Alcañizen (Teruel, Espainia) izango dute hurrengo hitzordua (ekainak 16 eta 17), eta gero Algarven (Portugal, uztailak 7 eta 8), Valentzian (Herrialde Katalanak, irailak 15 eta 16), Montmelon (Herrialde Katalanak, urriak 5 eta 6) eta Jaraman (Espainia, urriak 27 eta 28).