2012ko udal aurrekotuak landuko dituzte gaur, udalbatzarrean

Uztarria.eus 2012ko api. 3a, 13:52

2011ko Udalaren, Azpeitiko Kirol Patronatuaren eta Azpeititiko Euskara Patronatuaren aurrekontuen likidazioak onartu direla jakinaraziko dute, eta Urola Garaiko Industrialdea S.A. eta Urola Erdiko Industrialdea S.A. baltzuen bateratzeaz ere jardungo dute, besteak beste.

Azpeitiko Udalak gaur, asteartea, Udalbatza Osoaren ohiko bilkura egingo du, 19:30ean hasita, udaletxeko Areto Nagusian.

Bilkurako gaiak jorratzen hasi aurretik, joan den martxoaren 6an egindako batzarreko akta onartu edo ez erabakiko dute udal ordezkariek. Behin hori erabakita, ondorengo gaiez jardungo dute: 2011ko Udalaren, Azpeitiko Kirol Patronatuaren eta Azpeititiko Euskara Patronatuaren aurrekontuen likidazioak onartu direla jakinaraziko dute. 2012ko aurrekontuaren barruan, 2011ko kreditu gerakina barneratzeko lehen aldaketa kredituaren expedientea onartu dela ere esango dute.

2011ko kontuez jardun ostean, 2012 urteko aurrekontuari hasierako onarpena eman edo ez erabakiko dute. Segidan, Azpeitiko Udalaren dirulaguntzak emateko Ordenantza Arautzaileari hasierako onarpena eman ala ez eztabaidatuko dute.

Udalaren diru kontuak eztabaidatu ondoren, Urola Garaiko Industrialdea S.A. eta Urola Erdiko Industrialdea S.A. baltzuen bateratzeaz jardungo dute. Bukatzeko, Azpeitiko uraren ziklo integralaren kudeaketa Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren gain uzteari dagokion hitzarmenaz arituko dira; jendaurreko emaitzaz eta hitzarmena osatzen duten dokumentuez, hain zuzen.

Galdera eta erreguen txanda izango da gero. Hala, gai horiexek izango dira gaur landuko dituztenak.