'Paterra'-ren helegitea ez du aztertu Auzitegi Konstituzionalak

Uztarria.eus 2012ko api. 2a, 14:47

Duela bi urte eta erdi pasa, 2009ko irailaren 10ean, bete zuen ezarritako zigorra Paterrak, baina 2010eko otsailean 1997/2006 doktrina (Parot delakoa) ezartzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Hori dela-eta, 2019ko irailera arte luzatu zioten zigorra.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du aztertu Juan Karlos Arruti Paterra-ren helegitea. Duela bi urte eta erdi pasa, 2009ko irailaren 10ean, bete zuen ezarritako zigorra Paterrak, baina 2010eko otsailean 1997/2006 doktrina (Parot delakoa) ezartzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Hori dela-eta, 2019ko irailera arte luzatu zioten zigorra.

Joan den ostiralean Auzitegi Konstituzionalak 1997/2006 doktrina ezartzea zilegi dela erabaki zuen. Horren harira, Auzitegi Konstituzionalak 1997/2006 doktrina atzera botatzeko 31 presok aurkeztutako helegitearen inguruko erabakia ere jakinarazi zuen. Horietatik 25 euskal presoen babes helegiteak ziren, eta hiru besterik ez zituen onartu (Parot doktrina modu erretroaktiboan ezarri den kasuetan erabaki dute zigorraren luzapena bertan behera uztea) Auzitegi Konstituzionalak. Hori dela-eta, Jose Ignacio Gaztañaga, Juan Mari Igarataundi eta Jose Mari Perez Txuri kalean dira dagoeneko. Aldiz, beste 28 presoek kartzelan jarraituko dute. 

Guardia Zibilak atxilotu zuen Arruti, 1989ko irailaren 16an Irunen (Gipuzkoa), ETAkoa zela egotzita, eta geroztik Espainiako espetxeetan eduki izan dute sakabanatuta. Gaur egun, Cordobako kartzelan dago, Azpeititik 780 kilometrora.