Trenaren Museoan lau lanpostu betetzeko hautaketa proba abian da

Uztarria.eus 2012ko mar. 28a, 13:27

Museoaren eskaintza osatu eta eraberritze prozesu baten barruan, beste zenbait ekimen ere martxan dituzte erakundearen arduradunek. Museoaren ondarearen inbentarioa egiten ari dira, irudi korporatibo berria dute eta webgune berria ere ari dira prestatzen.

Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak "Euskal Burdinbidearen museoaren kudeaketan, mantentze-lanetan, kontserbazioan eta sustapenean lagunguko duten" lau lagun behar ditu. Hori dela-eta, lau langile horiek aurkitzeko hautaketa epea jarri du abian.

Inbentarioa, irudi korporatiboa eta webgunea

Museoaren eskaintza osatu eta eraberritze prozesu baten barruan, beste zenbait ekimen ere martxan dituzte erakundearen arduradunek.

Horrela, Fundazioa inbentarioan zein museoko artxiboaren katalogazioan eta digitalizazioan ari da lanean. Iñigo Imaz da horretan ari dena, Irargi Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren zuzendaritzapean.

Bestetik, irudi korporatibo berria garatu dute. Euskadiko trenbideak historian zehar izan duen garrantzia eta museoak duen jarduera lotuz, lokomotora baten bitartez irudikatuko dute aurrerantzean fundazioaren eta museoaren jarduna.

Irudi horrek emango die ongietorria, besteak beste, museoaren webgune berrira sartzen direnei. Weba ez dago oraindik erabilgarri eta museoaren arduradunek ez dute zehaztu noiz izango duten prest.