Sizilia bertan

Xabier Euzkitze (Noticias de Gipuzkoa) 2012ko mar. 21a, 18:08

Urrunekoak ez digu eragiten. Tibeten, Sirian, Sudanen... egundokoak gertatzen ari direla jakinik ere, ez gara hango basakeriez asaldatzen. Nola dagoen mundua! esango dugu gehienez ere, gaixoak!, eta hurrengo albisteari erreparatuko diogu. Askoz zirrara handiagoa eragin zigun orain dozena bat urte azkoitiar gizaseme bat serieko hiltzailea zela jakiteak. Koldo euskara irakasle izana zen, semearekin ordu asko pasatzen zituen, lagun eta ezagunekin oso adeitsu agertzen zen beti. Han eta hemen zor handi samarrak izan arren, inork ez zezakeen pentsa gizakiren bat hiltzeko gai izan zitekeenik. Bat ez, lau hilketa leporatu zizkioten.

Are gehiago astindu gintuen orain urtebeteko basakeriak. Hurbil-hurbileko emakume bat hil zuten, ondo-ondoko urtegi batean azaldu zen gorpua, hiltzailea Azpeitia eta Zarauzko kutxazainetan ibili zen hildakoari ostutako txartelekin dirua atera nahirik. Halako batean, Azpeitiko mutiko batek hilketa aitortu zuela jakin genuen, 18 urte bete baino egun bat lehenago. Orduan hasi ziren lagunak hari-muturrak lotzen: horregatik hasi zuan Ander orain lau-bost hilabete beti txanodun jertseekin ibiltzen! Bere burua harrapatuta ikusi zuenean, aitarekin eta abokatuarekin joan zen komisaldegira, Amaia hil zuela aitortzera. Egindakoaz damu omen zen. Epaiketaren aurretik lehen aitortutako guztiak ukatu ditu, ordea. Bera ere biktima dela esan du, hirugarren ezezagun batek hil omen zuen Amaia. Ikusiko dugu, baina abokatuaren trikimailuak oso maila eskasekoak iruditu zaizkit. Amaiaren senitartekoei, berriz, are zauri sakonagoa eragin die. Ez dago barkamen eskerik, salaketei iskintxo egiteko estrategia baizik. Senideei barnea nahasi die ustezko hiltzailearen anaia epaitegira irribarrez sartzen ikusteak ere. Errugabe dela ziur baleki ere, jarrera horrek xehatu egiten ditu Amaia galdu zutenen bihotzak. Eta orain, lehengo guztia aski ez balitz, akusatuaren aldeko lekukotasuna eman zuen emakume bat egurtu dute, mafiaren estilorik ankerrenean. Sizilia bertan