Akusazioak zein defentsak eskaerak mantenduta, epaiaren zain gelditu da Amaia Azkueren hilketaren auzia

Uztarria.com, Berria.info 2012ko mar. 21a, 11:39

Fiskaltzak eta Azkue familiaren abokatuak hamar urteko kartzela zigorra eta beste bost urtez zaintzapean izatea eskatu dute Ander E. azpeitiarrarentzat; familiaren abokatuak, gainera, urruntze agindua ere eskatu du. Akusatuaren defentsak, aldiz, absoluzioa eskatu du.

Atzo (asteartea) gauean geratu zen epaiaren zain Amaia Azkueren hilketaren auzia. Auzipetuak izan zuen azken hitza, eta esan zuen berak ez zuela hil Azkue, eta beldur dela, "aske dagoelako hiltzailea". Akusazioak, ordea, zigor handiena berretsi zuen auzipetuarentzat. Horrela, Fiskaltzak eta Azkue familiaren abokatuak hamar urteko kartzela zigorra eta beste bost urtez zaintzapean izatea eskatu dute Ander E. azpeitiarrarentzat; familiaren abokatuak, gainera, urruntze agindua ere eskatu du.

Defentsak azken unean aurkeztutako testigantzek ez dutela datu berririk ezagutarazi argudiatu zuen Miguel Castells abokatuak saioaren ondorioetan. Castellsek esan du auzipetuaren bertsioa "sinestezina" dela. Akusatuaren abokatu Ioanes Labaienek eskatu eta epaiketaren amaiera atzeratzea ekarri zuten diligentzia berriek datu berririk ez dutela ezagutarazi adierazi zuen epaiketaren azken saioaren atseden tartean Miguel Castellsek.

Akusatuaren defentsak, aldiz, absoluzioa eskatu du, argitu gabeko hainbat galdera daudela eta gaztea zigortzeko nahikoa froga ez dagoela argudiatuta.