Martxoaren 29ko grebarako deia egin dute Urola Kostako LABek eta Azpeitiko ezker abertzaleak

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2012ko mar. 20a, 18:12
LABeko ordezkariek elkarretaratzea egin dute gaur, asteartea, Azpeitiko Lanbideren bulegoen atarian. (NEREA URANGA)

Martxoaren 8an Madrilgo Parlamentuan PPren gehiengo absolutuarekin onartutako lan erreformak, "negoziazio kolektiboa patronalari opari eman" diola salatu du LABek. Horrez gain, PPkoek sektore publikoa "deuseztu" eta iniziatiba pribatuaren esku utziko dutela ohartarazi dute. "Beste eredu sozial, ekonomiko eta politiko bat beharrezkoa dela" erakutsi behar du euskal jendarteak, Azpeitiko ezker abertzalearen aburuz, eta horretarako "kalera irtetea beharrezkoa" da.

Datorren martxoaren 29an, Espainiako Legebiltzarrak onartutako lan-erreformaren kontra greba orokorra deitu dute sindikatu nagusiek. Azpeitian eta bailaran ere grebara dei eginez agerraldiak izan dira azken egunotan. Urola Kostako LAB sindikatuak aurreko astean eta atzo, astelehena, Azpeitiko ezker abertzaleak, euren iritziz greba egiteko dauden arrazoiak jarri dituzte mahai gainean.

Murrizketa, erreforma eta inposaketa gehiagorik ez! Euskal Herriak burujabetza politikoa eta ekonomikoa lelo hartuta, martxoaren 29an grebara deitu dute Urola Kostako LAB sindikatuko ordezkariek. Joan den astean agerraldia egin zuten Azpeitian eta bertan mobilizazitzera deitzeko arrazoiak azaldu zituzten.

Martxoaren 8an Madrilgo Parlamentuan PPren gehiengo absolutuarekin onartutako lan erreformak, "negoziazio kolektiboa patronalari opari eman" diola salatu du LABek. Horrez gain, PPkoek sektore publikoa "deuseztu" eta iniziatiba pribatuaren esku utziko dutela ohartarazi dute. "Bideragarritasun ekonomikoaren argudio faltsua baliatuz, zerbitzu publikoak sistematikoki murriztu egingo dituzte". Politika hoiek aurrera eramateko PPk "hegemonia politiko osoa" duela ohartarazi du sindikatu abertzaleak.

Horri guztiari aurre egiteko, Euskal Herriak bide propioa hartu beharra daukala aldarrikatu dute. "Krisi honek behar duen irtenbidea Euskal Herrian eraiki behar dugu, eta hori euskal eragileon eskutik eraiki behar da". Gaur egun bide hori eraikitzeko bidea mobilizatzea dela dio sindikatuak, eta horregatik hilaren 29rako greba orokorra deitu dute. Krisiari "irtenbide propioa eta demokratikoa eraikiz erantzutea" aldarrikatu dute LABekoek.

Martxoaren 29rako sindikatuek kalera egindako deiaren inguruan ere azaldu da Urola Kosta LAB, "oso positiboki baloratzen dugu, sindikatu guztiok erreforma honen aurka kalera ateratzea eta egun berean ateratzea".

Burujabetza politikoa eta ekonomikoa

Azpeitiko ezker abertzaleak ere "kalera irteteko eta greba orokorraren harira iragarritako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu" die herritarrei, martxoaren 29ari begira.

"Beste eredu sozial, ekonomiko eta politiko bat beharrezkoa dela" erakutsi behar du euskal jendarteak, Azpeitiko ezker abertzalearen aburuz, eta horretarako "kalera irtetea beharrezkoa" dela uste dute. "Ez da besoak gurutzatuta egoteko unea, egiturazko krisi honetara eraman gaituen eredua aldatzeko unea heldu da, herritarrak ardatz izango dituen sistema eraikitzeko unea, argi baitago egungo ereduak porrot egin duela".

"Burujabetza politiko eta ekonomikoa aldarrikatzeko kalera irtetea" eskatu dute ezker abertzalearen ordezkariek, "Espainiako Gobernuaren politika ekonomikoari aurre egin eta gizartea kolpatzen ari den krisi ekonomikoa gainditzeko". Lan harremanetarako euskal esparrua erdiestearen beharra "gero eta garbiago" ikusten dute, eta bide horretan euren "konpromisoa eta borondate politikoa agertu nahi diogu euskal langilegoari, bizi dugun sistemaren krisi larri horri aurre egiteko eta egoera gainditzeko proposamena egiteko, justizia sozialean oinarritutako eredu sozio-ekonomiko alternatibo baten eraikuntzan aurrerapausoak egiteko".