Rafa Rueda: "Jendeak diskoan entzundakoa biderkartzen saiatuko gara"

Urola Kostako Hitza 2012ko mar. 15a, 17:47

Enaren geometria bakarkako laugarren lana aurkeztuko du zuzenean Rafa Ruedak bihar, ostirala,Sanagustin kulturgunean. Mungiakoaren disko berria eskuratzeko aukera bakarretakoa izango da, oraingoz ez baitu dendatan zabaltzen.

PiLT taldea utzi zuenetik bakarkako ibilbidean buru-belarri dabil Rafa Rueda (Mungia, 1972) musikaria. Duela hilabete batzuk Enaren geometria laugarren diskoa kaleratu zuen, eta, orain, antzokiz antzoki ari da lan berria zuzenean aurkezten. Bihar gauean, 23:00etatik aurrera, Sanagustin kulturgunean eskainiko du kontzertua. Gainera, disko berria eskuratzeko aukera bakarretakoa izango da, oraingoz ez baitu dendatan zabaltzen.

Enarek joan-etorrian egiten dituzten marrazkiekin parekatu al daitezke zure abesti berriak?

Enaren bidaiak aitzakia moduan hartu nuen disko hau sortzeko; joan-etorriak eta etengabeko aldaketak gaitzat hartuta, nolabait ere. Beraz, abesti berriak ideia horretan oinarrituta daude, eta bai musikak bai hitzek badute kutsu hori. Orohar, irudi batzuk margotzen saiatu naiz musikarekin.

Joan-etorri horretan,enarak kabira itzultzen dira udaberrian. Ideia horrekin zure jatorri musikaletara itzuli zarela esan nahi al duzu?

Egia esan, bakarko ibilbideari ekin nionean egin nuen atzerako itzulia, PiLT taldearekin hasi aurretik pop musika jorratzen bainuen. Oraingo honetan, egunero aldatzen garela eta, aldi berean, pertsona aldatzen ari garela nabarmendu nahi izan dut izenburuarekin. Gaia benetan kuriosoa egiten zitzaidan; hau da, egoera beraren aurrean, eta pertsona berak izanda, nola modu ezberdinetan joka dezakegun. Etengabe aldatuz goaz, nahiz eta pertsona bera izan.

Zein aldarterekin heldu diozu disko berriari? Aldaketa prozesu batean harrapatu zaitu, beharbada?

Printzipioz, azken urteak ez dira samurrak izan maila pertsonalean; besteak beste, familiako kide bat galdu dugu. Alde horretatik, banuen barrenak hustutzeko gogoa. Maila profesionalean, aldiz, aldaketa handirik ez dut izan. Duela urte batzuk abiatutako bide beretik jarraitzen dut. Nire asmoa, diskotik diskora urratsak egitea da, aipatutako bidea hazten joan dadin.

Pop-rock doinu elektrikoekin jarraitzen duzun arren, beste giro edo sonoritate batzuk jorratu nahi izan dituzu lan honetan; batik bat, musika tresna berriak erabiliz.

Beti saiatzen naiz berritzen. Normalean ildo bertsua jarraitzen badut ere, instrumentazio aldetik aztertzea gustazen zait. Oraingo honetan ere bestelako tinbreak sartzen saiatu naiz, eta horretarako betidanik gustatu izan zait tresnekin esperimentatzea. Kasu honetan, soinua, mandolina eta tronpeta erabili ditut, eta horiekin beste giro batzuk sortu nahi izan ditut, nahiz eta pop-rock elektrikoa ardatz dudan.

Alde horretatik, aurrekoak baino disko landuagoa al da?

Ez dakit. Batzuek hori aipatzen dute, baina ni lan bera egiten saiatzen naiz disko guztietan. Elaborazioari dagokionez, gainerako diskoetan jarri dudan indar bera jarri dut honetan ere. Agian, instrumentazio gehiago erabili dudanez, lan handiagoa egin behar izan dudala eman dezake kanpotik begiratuta. Jarrera aldetik, behintzat, berdin-berdin saiatu naiz.

Eta hori zuzenekoetara eramaterako orduan, musikari gehiago elkartu behar izan al duzu?

Bai, aspaldian osatu dudan bandarik jendetsuena dut. Guztira, sei lagun igotzen gara taula gainera; diskoan parte hartu duten guztiak, Arkaitz Miner izan ezik. Egia esan, oso gustura nago haiekin. Jakina, horrek ere baditu bere zailtasunak, engranaje musikala behar bezala egin behar baitu. Hala eta guztiz ere, taldekideon artean oso sentipen ona geneukala sumatu nuen hirugarren emanalditik aurrera. Egia esan, oso babestuta sentitzen naiz taula gainean.

Diskoak eta zuzenekoak beti izaten dira desberdinak. Sanagustin kulturgunera zu entzutera joaten direnek zer topatuko dute?

Diskoa zuzeneko harremanarekin borobiltzen dela uste dut. Zuzenekoetan diskoan jasotako abestiak hazi egiten dira; energia gehiago dute, gainera. Baina, batez ere, publikoarekiko hartu-eman horretan oinarritzen da. Kontzertuetan intentsitate handiagoa lortzen da, eta, azken finean, hori da eskainiko duguna, betiere azken diskoan oinarrituta. Era berean, bertsioren bat eta aurreko diskoetako abesti batzuk joko ditugu. Jendeak diskoan edo diskoetan entzundakoa biderkatzen saiatuko gara.

Disko berrian 11 abesti jaso dituzu. Musikari moduan ez ezik, letragile gisa ere ahalegin berezia egin duzu oraingoan.

Normalean, lehen diskoan izan ezik, lagun ditudan idazleen laguntza izan dut testuak idazterakoan. Oraingo honetan, ordea, segituan ikusi nuen ganorazko zerbait idazteko gauza nintzela. Hirugarren abestia idatzi nuen momentuan erabaki nuen nik neuk idatziko nuela disko osoa, eta bat izan ezik, halaxe izan da. Egia esan, gustura sentitu naiz.

Eta zeri abesten diozu?

Diskoaren izenburuak abestiak ulertzeko koordenatuak ematen ditu. Esaten dutenez, musikariok abesti bera egiten jarduten dugu bizitza osoan. Nik ere halako errekurtso jakin batzuk baditut, eta normalean beti horietara jotzen dut idazterakoan; iragana, denbora eta halako kontuak. Abesti bakoitza egoera zehatz batean kokatzen da, eta, nolabait esateko, nire egunerokotasuna deskribatzen dut. Azken finean, gizabanakoari buruz abesten dut.