Gazte bat atxilotu dute adingabe batzuk estortsionatzea eta mehatxatzea egotzita

Uztarria.eus 2012ko mar. 15a, 13:35

Joan den asteartean, hilak 13, 26 urteko gizonezko azpeitiar bat atxilotu zuen Ertzaintzak eta 16 urteko beste bat konplize bezala inputatu, adin txikiko herritar batzuk mehatxatu eta ekonomikoki estortsionatzea leporatuta.

Joan den asteartean, hilak 13, 26 urteko gizonezko azpeitiar bat atxilotu zuen Ertzaintzak eta 16 urteko beste bat konplize bezala inputatu, adin txikiko herritar batzuk mehatxatu eta ekonomikoki estortsionatzea leporatuta.

Azkoitiko Ertzain-etxean jasotako salaketaren arabera, joan den otsailean 13 eta 14 urte bitarteko gaztetxo koadrila bat Azpeitiko hilerri inguruan jolasean zebilela, pistola bat bilatu zuten txabola baten inguruan. Balinezko pistolarekin jolasean ibili eta gero, inguruko erreka batera bota zuten.

Sare sozialetan pistolaren inguruko hainbat aipamen egin zituzten nerabeek, eta pistolaren ustezko jabea horretaz ohartu zen. Handik bi egunera, gazteetako bat kalean harrapatu eta pistola aurkitu zuten tokian uzteko esan zion haren ustezko jabeak. Adingabeek hala egin zuten hurrengo egunean. 

Handik egun batzuetara, ordea, 26 urteko azpeitiarrak dirua eskatu zien, pistola puskatuta zegoela argudiatuta. Hori dela-eta, 800 euro eta 1.000 euro bitartean emateko esan zien. Mehatxu haien aurrean beldurtuta, gazteek 300 euro ordaindu zizkien pistolaren ustezko jabeari. Alabaina, mehatxuekin jarraitu zuen, eskatu adina ez ziotela-eta eman kopuru guztia emateko esanez.