Berastegi, Zabale eta Izer omenduz, trikitiaren Urolako katea osatuko dute

Urola Kostako Hitza 2012ko mar. 14a, 17:05
Panderoekin Zabale, Izer eta Berastegi behean, jaialdiaren aurkezpenean. (NEREA URANGA)

Larunbatean Azpeitiko Soreasu antzokian egingo dute San Jose Trikiti Jaialdia, eta "Urolako katea osatzen" saiatuko dira. Hala azaldu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariorde Josu Arrizabalaga Izer-ek. Juan Ezenarro Salegi Berastegi, Luis Alberdi Zubizarreta Zabale eta Manuel Arrizabalaga Izer omenduko dituzte jaialdian, eta bertan  parte hartzekoak diren trikitilari ia guztiak Urola bailarakoak dira aurten. Hala jakinarazi dute antolatzaileek.

Azpeitiko Soreasu antzokian izango da jaia, 17:30ean. Formatua ez ezik, tokia ere estreinatuko du sanjosetako trikitixaren festak. Azken urteetan Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan antolatu izan dute, eta aurretik, urteetan, Azpeitiko udal kiroldegian. "Oraingoan Soreasu bihurtuko da trikitizaleen bilgunea, eta urtero bezala, giro bikaina sortuko dela espero dugu", esan du Imanol Amenabarrek, Azpeitiko Kultura zinegotziak.

Jaialdian omenduko dituzten hiru lagunak pandero-jotzaileak dira, eta hirurak Urolakoak: Berastegi azpeitiarra, eta Zabale eta Izer azkoitiarrak. "Aurreko jaialdi batzuetan ere omendu ditugu trikitilariak, eta aurten ere bide horri heldu diogu". Omenduek jaialdian parte hartzeaz gain, parte-hartzaileen katea osatzen lagunduko dute. "Hiru omenduak taula gainera igo, eta jaialdiaren parte izatea da gure asmoa, hirurak sasoiko baitaude".

Panderoa eta bateria lagun

Juan Ezenarro Salegi Berastegi da omenduetako bat, Azpeitiko Berastegi baserrikoa. 70 urte ditu. Haurra zela soinua jotzen hasi zen. "Soinuarekin hasi nintzen, panderoa jotzen hasi baino lehen. Lana bukatu ondoren, logelan sartu, eta han jarduten nuen soinua jotzen. Baina arrebek errieta egiten zidaten, hurrengo egunean lanera joan behar izaten zuten eta. Arrebak soinuzaleak ziren, eta dantzan sariak irabazitakoak", dio. Baina behin, soinua hormaren kontra bota zuen, eta hautsi. "Iluntze batean, soinua jotzen ari nintzela, aita etorri, eta zera esan zidan: 'Ixilduko al haiz, edo ixildu egingo haut'. Soinua paretaren kontra bota, eta hala bukatu ziren nire soinu jotzeak". Baina soinua utzi, eta panderoa jotzen hasi zen. "Laja laguna nuen, eta elkarrekin asko ibiltzen ginen. Orduan heldu nion panderoari". Askorekin jotakoa da: "Elgeta, Laja, Epelde, Egurrola, Arbe, Zabaleta, Maltzeta, Tapia...".

Panderoaz gainera, bateria ere jotzen du Berastegik. "Bateriari ere Lajarekin lagun nintzela eman nion hasiera, eta 25 urte eta gero segi egiten diot". Kupela taldean jotzen du.
Gustura dago omendu egingo dutelako. Omenaldia kostatakoa izan dela dio. "Azken hiru urteetan omendu egin behar nindutela esaten zidaten, baina nik ezetz esaten nien beti. Lajak-eta esaten zidaten: 'Motel horregatik ez haiz akabatuko, eta egon hadi lasai'. Aurten, behintzat, ailegatu da omenaldia".

Ikasle eta irakasle

Luis Alberdi Zubizarreta Zabale da beste omendua, azkoitiarra. 72 urte ditu. 14-15 urte zituela hasi zen panderoa astintzen, auzokide zuen Ramon Zubizarreta Landakanda-k ahoarekin txistua jotzen zuen bitartean.

Igande goizetan Izer baserrira joaten zen. "Anaietako batek soinua jotzen zuen, eta beste bik panderoa. Ikastera joaten nintzen". Lehenengo erromeria Errezil bidean, Zurruntzolan jo zuen, Maltzetarekin. 18 urte bete zituenetik bikotekide ugari izan ditu Zabalek: "Zabaleta, Zendoia, Epelde, Laja, Epelarre...". Txapelketaren batean ere parte hartutakoa da.

Panderoa irakasten ere ibilitakoa da Zabale, orain hamar urtera arte. "Aurrena, hamar bat urtean, Elgoibarren aritu nintzen panderoa erakusten, eta ondoren pare bat urtean Azkoitiko Musika Eskolan".

Omenaldia oso gustura hartu duela esan du Zabalek, eta jaialdia ederra izango delakoan dago: "Oso zortzi soinu-jotzaile ederrek hartuko dute parte jaialdian, eta ederra izango da. Han saiatuko naiz panderista izan naizela erakusten". Bere bi semeek, Zabale Anaiek ere joko dute jaian.

Pandero eta soinu-jotzaile

Garai batean Izer baserrian igande arratsaldero izaten zen erromeria, eta hangoxea da Manuel Arrizabalaga Izer; hirugarren omendua. 61 urte ditu azkoitiarrak. Jaiotetxeko erromerietako trikitilarietako bat haren aita izaten zen, eta pandero-jotzaileak aitaren anaiak. Izer 8 urterekin hasi zen panderoa jotzen, eta 18 urterekin jo zuen lehen erromeria. "Txikia nintzela, Zabalek jarduten zuen gure jaiotetxean panderoa jotzen, eta hari ikusita ikasi nuen nik". Urrategi auzora joan, eta han ere beti aurkitzen omen zuen "bazterren batean" panderoren bat.

Gerora, 20 bat urterekin, soinua ere hartu zuen azkoitiarrak. "Panderoa nahikoa ez, eta gerora soinua hartu nuen. Urte batzuk ere pasatu ditut soinuarekin. Biak izan ditut gustukoak". Txapelketetan parte hartu izan du, eta jaialdi batzutan jo ere bai. Talde batean ere ibili zen Zabaleta eta Landarekin. Ebakuntza bat egin ziotenetik ez du soinua etxetik kanpo jo. "Etxean jarduten dut, baina ez etxetik kanpo. Panderoa hartzen dut horrelakoetan, soinua baino errazagoa da eta".

Omenaldia "ezustekoa" izan dela dio Izerrek. "Gauza handia da omenaldiaren kontua, baina ezezkorik ezin da eman".

Aurtengo jaialdiak "formatu berria" izango du. "Berezia izango da, bai partaide aldetik, baita antolatzen dugunontzako ere", diote Euskal Herriko Trikitixa Elkartekoek. "Aurten, partaideak ekartzeko orduan ez diogu erreparatu hasiberriak edo aspaldikoak diren".

"Oraingo honetan, Urola mailan sarri ibiltzen garenok elkartu, eta jaialdi bat osatzea erabaki dugu", esan du Josu Arrizabalaga Izer-ek. Aurtengo parte-hartzaileak ondorengoak dira: Astiazaran II.a eta Izer, Laja II.a eta Narbaiza, Epelde eta Iturbide, Laja eta Landakanda, Zabale Anaiak, Lutxurdio eta Aitziber, Izer eta Alabier eta Elortza anaiak. "Bestetan baino partaide gehiago daude, eta denon artean kate bat osatu nahi dugu. Jaialdiko gauzarik politena hori izan daiteke: elkarrekin sortu nahi dugun katea".

Sarrera 12 euro kostatuko da. Salgai jarri dituzte Azpeitian, Pastorkuan, Ametsan eta Mendizabal jatetxean eta Azkoitian Isidro erretegian. Jaialdiaren egunean, sarrerak saltzeko 16:30ean zabalduko dute Soreasu antzokiko leihatila.