Jose Mari Orbegozo: "Irabaztea gauza bat da, eta bestea goian mantentzea"

Uztarria.eus 2012ko mar. 9a, 15:01
Erdian, Amaia Gonzalez eta Jose Mari Orbegozo Europako txapelketan oroigarria jasota. (Jose Mari Orbegozo)

Jose Mari Orbegozo (Azpeitia, 1964) dantzariak Europako Dantza Txapelketan, vals, tango eta pasodoble modalitateetan bigarren postua eskuratu zuen bere betiko bikote Amaia Gonzalez lasartearrarekin batera. Aldiz, salsan lehenengoak izan dira.

Jose Mari Orbegozo (Azpeitia, 1964) dantzariak Europako Dantza Txapelketan, vals, tango eta pasodoble modalitateetan bigarren postua eskuratu zuen bere betiko bikote Amaia Gonzalez lasartearrarekin batera. Aldiz, salsan lehenengoak izan dira.

Iaz Europako txapeldun. Aurten azpitxapeldun. Esan daiteke Europako onenen artean zaudetela.

Puntuazioak, behintzat, hala dio. Biok dantza eskolak ditugunez hor goian egotea ona da. Irabaztea gauza bat da, eta bestea goian mantentzea. Aurten salsan egin dugu lehenen, eta txapelketa irabazten dugun bosgarren aldia da. Europako vals, tango eta pasodoble konbinatuan, berriz, bigarren egin dugu. Iaz hirugarren egin genuen, eta pasodoblean lehenen.

Espainiako txapelketan ere ibili zarete.

Bai, eta laugarren egin genuen. Bigarren gindoazen, baina beste bikote batzuk aurrea hartu ziguten. Aste guztia pasatu dugu Torremolinosen (Malaga, Espainia) Europako eta Espainiako txapelketetan.

Gustura al zaude lortutakoarekin?

Bai, gustura nago. Aste guztiko txapelketa izan zen. 10:00etan hasten ziren kanporaketak eta zapatu gauerako hamasei bikote soilik gelditu ziren. Onenak aukeratzen dituzte. Puntuazio gehien dutenak, eta gu han geunden. Kataluiniar bikote batek irabazi zuen txapelketa. Oso bikote ona da.

Munduko txapelketara bai?

Momentuz ez digute ezer esan. Baina nik uste Europakoarekin geldituko garela. Aurten lortu dugu, eta datorren urtera arte, kito.

Zenbat entseatzen duzue. Eta, non elkartzen zarete dantzarako?

Amaia, dantza bikoteak, bi ume ditu. Hori dela-eta, umea haurtzaindegian uzten duenean, 09:15ak aldera, hasten gara entseatzen, eta 12:30ak aldera bukatzen dugu. Lasarten elkartzen gara dantzarako.

Nolako maila ikusi duzu txapelketan?

Maila ona izaten da. Jendea urte guztian Europako txapelketarako prestatzen egoten da. Hilero egoten dira txapelketa autonomikoak, baina jendea Europakorako prestatzen da. Urtean behin izaten da, eta beti data berdinean.

Zenbat bikotek hartu duzue parte?

Ez nituen kontatu. Goizean hasten ziren kanporaketak, eta arratsaldean 40 bat bikote egongo ginen gure kategorian.

Zein dantza modalitate gustatzen zaizu gehien?

Lehen, gehien valsa gustatzen zitzaidan. Orain, uste dut, nazkatzen ari naizela. Jendeak pentsatzen du erraza dela, baina zearo zaila da. Valsa ondo egitea, zaila da. Ondo prestatuta joaten gara txapelketara, eta tango eta pasodoblea ditut orain gustukoen. Salsa, berriz, urte guztian tabernetan-eta dantzatzen denez ba, beno...

Gauza da prestatzen duzula koreografia eta txapelketetan ez duzula musika zein izango den jakiten. Oholtzara igo, eta orduan jakiten duzu zein den kantua. Aurretik dantza mota jakiten duzu, baina ez kantua eta ez horren iraupena. Ez duzu jakiten noiz bukatuko den. Txapelketak horrela izaten dira. Aldea dago kantua motela, azkarra, gustukoa edo nolakoa tokatzen zaizun. 

Bestalde, koreografiarekin nahastuz gero inprobisatu egin behar da, eta hori egitea lortzen da dantza bikotearekin urte asko daramazkizunean. Amaia Gonzalezekin ja hamazazpi urte daramatzat, eta urte asko dira.

Tandema zarete, orduan.

Bai, senar-emazteak bezala gara. Ordu asko pasatzen ditugu batera, eta errietak, pozak, barreak, disgustuak... elkarnabatu ditugu.

Zer eman dizu dantzak?

Poz asko. Txapelketak irabazteak poza eman digu bai niri eta bai Amaiari. Ikasleak txapelketetan parte hartzen hasteak eta ongi pasatzen dutela ikusteak ere bai. Ikasleekin haserretzen naiz tarteka, baina gehienetan poza eman dit ikasleek nola gozatzen duten, nola ikasten duten, eta zer giro duten ikusteak.

Azpeitian ba al da dantzarako afiziorik?

Bai, gero eta handiagoa. Nik zapatuetan ematen nituen lehen klaseak, eta orain ostegunetan ere bai. Jendea gustura ibiltzen da, eta dantzari onak dira gainera. Diziplina ona dute helduek zein umeek. Azpeitiko umeek diziplina ona dute, dantzan ondo egiten dute eta ni agoantatzen ez dute gutxi egiten. Umeekin harrituta nago. Bestetik, 14 eta 16 urte arteko ikasle gazteak ere baditut, eta zapatuetan dantzan ikusten ditudanean aho zabalik uzten naute.

Erakustea ala dantza egitea nahiago?

Biak. Gertatzen da nik dantzara irtetzen dudanean beste ardura bat dudala. Ezin dut edozein modutan irten dantzara, hori da-eta nire jarduna. Txapelketetarako oso prestatuta egon behar da. Gauzak ondo egitea gustatzen zait, ondo prestatuta egotea. Jendea afizioz aritzen da dantzan, baina ni hortik bizi naiz.

Dantzatik bizi daiteke, beraz.

Ni hala bizi naiz, baina ezin da lo hartu. Artero-astero Madrilera joaten naiz klaseak hartzera. Igandean joaten naiz kotxez hara, astelehenetan klasea izaten dut, eta astearte goizerako hona itzultzen naiz, zapatura bitartean klaseak emateko. Gauza berriak ekartzen ditut Madriletik, ezin da-eta lokartu. Dantzatik bizitzeko beste edozein profesionalek edo negozioak dituztenek bezala material berria ekarri behar da, eta astero material hori prestatu. Txapelketetarako ere gauza bera. Goian egon behar da, eta horretarako prestatu.

Dantzatik bizitzeko, gainera, eskola jarri behar da. Hala jendeari erakusteko. Txapelketak irabazita soilik ez dago bizitzerik. Txapelketak irabaziz gero dirua ateratzen da, baina gastua handiagoa da. Izan ere, arropa oso garestia da, eta bidaiak ere norberak ordaindu behar ditu.