Muturrekoa belarrietan jotzen

Uztarria.eus 2012ko ots. 29a, 16:50
Dark Code, kontzertuan. Aitor Etxaniz eskubitik hasita aurrena da. (DARK CODE)

Dark Code-k doinu gogorrak jaso ditu lehen diskoan; etzi, Azkoitiko Matadeixen joko dute zuzenean. Taldea izatez bergararra bada ere, kideetako bat azpeitiarra da: Aitor Etxaniz abeslaria eta gitarrista.

Kontzertu batzuk eman eta hainbat lehiaketatan parte hartu ondoren, hurrengo pausoa ematera animatu da Dark Code talde metaleroa. Hain zuzen ere, Raise of death lehen diskoa grabatu eta argitara eman dute; alde batetik, egindako lana hilezkortzeko, eta, bestetik, jendeak taldearen abestiak hobeto ezagutu ditzan. Orain, diskoa aurkezteko zuzeneko emanaldietan buru-belarri dabiltza. Ostiral honetan, esaterako, Azkoitiko Matadeixen joko dute, 22:30ak aldean, Drop eta Flattened Frogs taldeekin batera.

Taldea izatez bergararra bada ere, kideetako bat azpeitiarra da: Aitor Etxaniz abeslaria eta gitarrista, alegia. "Myspace atarian soslaia sortu, eta talde bila nenbilela jarri nuen. Hala, taldekidetako bat nirekin harremanetan jarri zen, eta lokaletik pasatzeko esan zidan. Pixkanaka-pixkanaka Bergarara joaten hasi nintzen, eta orain arte", gogoratu du Etxanizek. Laukotea 2009an sortu zen, eta hasieran abeslaririk ez zutenez, taldeko bi gitarristek abesten zuten. Denborak aurrera egin ahala, ordea, azpeitiarraren esku geratu da ahotsaren ardura.

Emaitzarekin gustura

Iaz grabatu zuten diskoa, entsegu-lokalean atondutako txoko batean, DB Uhinak ekoizpen etxearen gidaritzapean; apirila hasieratik maiatza bukaera arte iraun zuen prozesuak. Ondorioz, "non eta nola grabatu genuen kontuan izanda, emaitzarekin oso gustura gaude". Eta azken emaitzak urtarrilean ikusi zuen argia, Raise of death izenburupean.

"Diskoan jaso dugun abesti bati egiten dio erreferentzia izenburuak", dio abeslari azpeitiarrak. "Baina ni taldean sartzerako gainerako kideek argi zuten lehen diskoa ateratzen genuenean izenburu hori jarriko geniola. Egia esan, ez dakit zergatik den, zein den bere jatorria, ez baitut eztabaidatu ere egin. Erabakiarekin ados nengoen, eta aurrera".

Guztira, bederatzi abesti "gogor eta ilun" jaso dituzte; lehenengo zortziak propioak dira, baina bederatzigarrena Trivium taldearen Pull harder of string in your martyr abestiaren moldaketa da. Diskoko abestiak honako hauek dira, hurrenez hurren: Chained into the abyss, Against the wall, Profecy of hell messenger, Bloodshed, Sight to realize, Walking to ruin, Raise of death eta Dawn of souls. Death metal estiloa jorratzen dute, trash eta rock gogorrarekin nahastuta, eta ingelesez. "Hizkuntzarekin ez naiz oso eroso aritzen, egia esan. Baina jorratzen dugun musika mota ingelesez entzuten dugu, eta ondoen hizkuntza horretan egitea zela iruditu zitzaigun", dio azpeitiarrak.

Musikaren egoera ez dela ona jakinda, autoekoizpenaren aldeko apustua egin dute lehen lanarekin. Bide batez, sei eurotan jarri dute salgai, Bergarako eta Azpeitiko hainbat tabernatan, baita kontzertuetan ere.

Lehiaketak eta bideoklipa

Dark Code laukotea gaztea eta etorkizun handikoa da. Azken urteetan harrera ona izan dute han eta hemen antolatu dituzten musika lehiaketetan. 2010ean, Danbaka Musika Lehiaketako finalerdietara iritsi ziren, eta, iaz, Wacken Metal Battle lehiaketako finalera. Abiapuntu bezala, "seinale ona" dela iritzi diote.

Oraintsu, gainera, Soul School Films lehiaketa irabazi dute, eta bideoklip bat grabatzeko aukera irabazi dute. "Ikus-entzunezkoen muntaietan aritzen den enpresa bat da, eta lehiaketa bat antolatu zuten. Guk gure abesti batzuk eta Myspace helbidea bidali genien, eta aukeratu egin gaituzte". Diskoa atera berritan, bideoklipa egiteko aukera ezinhobe datorkiela aitortu du Etxanizek.

Bloodshed abestiarekin egingo dute ikus-entzunezkoa, eta, ezusterik ez bada, larunbat honetan ekingo diote filmatzeari. Bergarako gaztetxean zati batzuk grabatuko dituzte, eta beste zati batzuk, berriz, Gasteizen.