Izarraitzekoek asteburu oparoa izan dute

Uztarria.eus 2012ko ots. 29a, 11:53
Kutxa Sarian parte hartu zuten alebin taldekoak podiumean. (Nerea Illarramendi)

Joan den zapatuan Parte-hartze Mailako Neguko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen Zarautzen, eta Ainitze Odriozolak bi lehenengo postu eskuratu zituen. Aldiz, Izarraitz Igeri Elkarteko beste zazpi igerilari Kutsa Sarian izan ziren igandean, Irunen eta postu onak lortu zituzten.

Joan den zapatuan, hilak 25, Parte-hartze Mailako Neguko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen Zarautzen. Bertan parte hartu zuen Izarraitz Igeri Elkarteko Ainitze Odriozolak. Lehenengo bi postu eskuratu zituen; 200 metro eta 50 metro librean. Gainera, FINA taularen arabera, bigarren sailkatu zen, eta garaikurra eskuratu zuen.

Bestalde, igandean, hilaren 26an, igeriketako Kutxa Saria jokatu zuten Irunen, eta Izarraitzeko zazpi igerilarik hartu zuten parte lehian. Aiora Beristainek zilarrezko domina eskuratu zuen 50 metro librean. Eva Astigarraga, berriz, laugarren sailkatu zen 50 metro bularrean. Joanes Astigarragak, Maialen Aizpuruk eta Iñaki Etxeberriak 50 metro bizkarrez proban hartu zuten parte, eta bosgarren, seigarren eta hamargarren sailkatu ziren, hurrenez hurren. Jakes Arteagak, aldiz, 50 metro libre proban hartu zuen parte, eta zortzigarren postua eskuratu zuen.

Taldekako proban ere aritu ziren Izarraitzeko igerilariak. Maialen Aizpuru, Aiora Beristain, Jakes Arteaga eta Julene Urangak 4x50 proban hartu zuten parte, eta hirugarren postuan sailkatu ziren.