Sei herritar deklaratzen izan dira danborradan presoen argazkiak eramateagatik

Uztarria.eus 2012ko ots. 27a, 11:24
Zapatuan, danborradan parte hartu zuten hainbat herritarrek agerraldia egin zuten udaletxeko areto nagusian.

Hori dela-eta, danborradan parte hartu zuten hainbat herritarrek agerraldia egin zuten zapatuan, deklaratzen izan diren sei herritarrei babesa erakusteko, besteak beste. Sei herritar horiek terrorismoa goraipatzea leporatuta jaso dute ertzain etxera deklaratzera joateko agindua.

Sansebastianetan presoen argazkiak eraman zituztela-eta, danborradan parte hartu zuten sei herritar deklaratzen izan dira duela aste batzuk. Terrorismoa goraipatzea leporatuta deitu zituzten deklaratzera. Hori dela-eta, danborradan parte hartu zuten hainbat kidek agerraldia egin zuten zapatuan, hilak 25, udaletxeko areto nagusian.

Agerraldian bildu zirenek esan dutenez, "sakabanaketa salatu eta elkartasuna adierazteagatik pasatu dira Azkoitiko ertzain-etxetik". Gainera, sakabanaketa salatzea "zilegi" dela eta elkartasuna ez dela delitua esan dute. Deklaratzen izan diren sei herritarrei "gure babes osoa azaltzearekin batera, epaitegietako prozedurarik ez irekitzeko exijitzen dugu", jakinarazi dute agerraldian bildutakoek.

Bestalde, "egun Euskal Herrian bizi dugun itxaropen aro berri honen aurrean, honelako gertakariak lekuz kanpo daudela uste dugu, eta herri honen gehiengoaren nahiaren aurka doaz", gaineratu dute.  Hori dela-eta, agerraldia egin zutenek esan dute "traba guztien gainetik" euskal presoen eskubideak bermatuak izango diren ekimenetan parte hartzen eta horiek bultzatzen jarraituko dutela.

Horrez gain, herritar guztiei dei egin diete "presoen eskubideen alde antolatzen diren ekimenetan parte hartzen jarraitzeko, denon artean lortuko dugulako".