Alberto Frantzesena: "Plazak utzi eta astebetera saldu nuen bateria"

Gipuzkoako Hitza 2012ko ots. 24a, 17:23

"Plaza bete jende, denak elkarri helduta aritzen ziren dantzan". 1970eko hamarkadatik 1990ekora artekoaz ari da, eta irudia ongi gogoan du Alberto Frantzesenak (Azpeitia, 1954). Egan musika taldeko sortzaileetako bat izan zen, eta hala ikusten zituen plazak eta dantzalekuak oholtza gainetik.

"Ni ikusita nago Azkoitiko plaza bete-bete eginda, eta denak dantzan. Orain, berbenetan inork ez du dantzarik egiten inon". Berbenak berak ere "aspalditik gainbeheran" direla uste du azpeitiarrak. Eta badaki zerbait mundu horretaz, horixe izan baitu ogibide 30 urtez. Egan taldearekin aurrena, Trabukorekin gero, eta Irailerako 6rekin azkenik.

Hamabost urte besterik ez zuen beste hiru lagunekin batera taldea abiatu zutenean: besteak haren anaia Jose Luis Frantzesena Schubert, haren lehengusu Xabier Saldias eta Iñaki Arenas ziren. Musikari batzuek taldea utzita eta beste batzuek hartuta, ia 25 urte egin zituen plazarik plaza eta dantzalekuz dantzaleku Egan taldeak. Bateria jotzen zuen Frantzesenak, baita ahotsak jarri ere. Garai haietaz oroitzapen onak ditu. Izan ere, arrakasta handia lortu zuten, eta lan asko egin arren, "urtearen amaieran merezi zuen, bai diruagatik, baina baita giroagatik ere". Gipuzkoan hasi ziren kontzertuak ematen, eta gero Euskal Herri osora zabaldu zen taldearen izena: "Bizpahiru urtez toki bat egiten jardun genuen; gero, bete-betean sartu ginen berbenen munduan, eta astero bizpahiru saio eskaintzen genituen. Uda garaian, zer esanik ez. Hala, musika izan zuten ogibide taldekideek: "Lan asko egiten genuen, baina ateratzen genuena ere geuretzat izaten zen". Gogoan du taldeaz esaten zutena: "Ramon Etxezarretak zioen Egan taldeak euskaraz abesten zuela eta ingelesez kobratu. Urte onak izan genituen, egia esan".

Entseatzeko hainbat lokal izan zuen taldeak Azpeitian bertan. Hala ere, dantzalekuetan aritzen zirenean, hurrengo egunetan bertan egiten zituzten entseguak sarritan: "Inguruko dantzaleku askotan izaten ginen: Txitxarron askotan, Ernen, Gure Txokoan... musika tresnak bertan uzteko baimena eskatzen genuen kontzertuen ondoren, eta egun batzuez hantxe entseatzen genuen, aste bitartean".

Eganek egiten zituen bertsioak oso ezagun egin ziren, eta euskaraz hasi ziren aurrenetarikoak izateak ere lagundu zien: "Hasieran, ingelesezko kantuak ingelesez mantendu genituen, The Beatlesenak esaterako; gero, abestiak euskaratzen hasi ginen. Ez Dok Amairu mugimendua kenduta, ez zegoen euskaraz askoz gehiagorik".

Eganekin hainbat disko eta ehunka abesti plazaratu zituzten: Behin batian Loiolan, Ireki bihotza, Lo ez Mexikon eta Ameriketara joan nintzan dira ezagunenetariko batzuk. Telebistan ere aritu ziren, ETB1 katean H-Egan programa izan baitzuten: "Orio ekoiztetxearen eskutik, hamabi saio egin genituen. Esperientzia berria izan zen; lan asko egin behar zen saio motz bat lortzeko".

Frantzesenak berak ez du Eganeko abesti kuttunik. Gehien eskatzen zietena zein den, berriz, zalantzarik ez du: Behin batian Loiolan. Saio bakoitzean "bost aldiz baino gehiagotan" jo behar izaten zuten, eta, azkenerako, "gogaikarria" zitzaion.

Berbenen gainbehera

2000. urtean utzi zuen musika Frantzesenak. 46 urte zituen, eta "erreta" amaitu zuen. Ordurako Egan taldea deseginda zegoen, taldekideen arteko arazoek eraginda. Xabier Saldiasek jarraitu zuen Egan izenarekin, eta gainerakoek Trabuko sortu zuten. Bi urtez eman zituzten kontzertuak. Gero, berriz banandu, eta Irailerako 6 taldean aritu zen Frantzesena. Proiektu hark ere ez zuen urte asko iraun. Izan ere, "berbenen gainbeherak" bizimoduz aldatzera eraman zuen azpeitiarra: "Fisikoki ondo nengoen, eta taldean ere giro ona genuen". Arazoa beste bat zen: "Guk ezagutu genuena ezagutu eta gero, plazak hutsik ikustea gogorra izan zen. Norentzat jotzen ari ginen galdetzen nion neure buruari". Horretaz gain, "prezioak jaitsi egin ziren, eta trikitilariak indar handiz sartu ziren". Lan eskaintza bat onartu, eta musikari agur esan zion, gaur arte: "Taldea utzi eta astebetera saldu nuen bateria. Ordutik, ez dut berriz jo. Ez dut beharrik ere sentitzen. Urte ederrak izan ziren: ez daukat damurik. Baina joan ziren". Musikaren ordez irratia entzuten du orain, eta asteburuak ez ditu plazarik plaza igarotzen, emaztearekin pasiera luzeak eginez baizik.