Zuzenean zuzenekora

Urola Kostako Hitza 2012ko ots. 23a, 17:45
Jesus Zelaia, IƱigo Orbegozo Lagun Onak MBkoa eta Ander Garmendia Ezkerretegin, lasterketaren irteeran. (NEREA URANGA)

Euskadiko Igoera Bertikalen Kopako probetako bat da Azpeitiko Zuzenien mendi igoera bertikala. Lagun Onak Mendi Bazkunaren proba martxoaren 4an izango da, denboraldiko aurrenekoa.

Urola Kostako Hitza-k parte hartuko duten bi azpeitiarrekin hitz egin du: Jesus Zelaia eta Ander Garmendia.

Hamar egun besterik ez dira falta IV. Zuzenien Mendi Lasterketa Bertikalerako. Martxoaren 4an izango da igoera gogorra, eta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuko du, urtero bezala. 10:00etan abiatuko da probako lehen parte-hartzailea Ezkerretegi aurretik, eta zuzen-zuzenean Xoxoteko San Inazioren irudira igo beharko du. Probarako izena Internetez www.kirolprobak.com webgunean eman behar da. Mendian federatuta daudenek 15 euro ordaindu behar dute proban parte hartzeko, eta gainontzekoek 20 euro. Egunean bertan ere eman ahalko da izena, baina orduan, ordea, 30 euro ordaindu beharko da lasterketan parte hartzeko.

Gehienez 250 lasterkarik hartu ahalko dute parte. Atzo eguerdirako 103 lagunek zuten izena emanda. Euskadiko Igoera Bertikalen Koparako puntuagarria da, eta denboraldiko aurrena.

Proban parte hartzeko izena eman dutenen artetik, emakumeen parte-hartzea da Lagun Onak Mendi Bazkunakoek nabarmendu dutena. Haien arabera, "punta-puntako emakume kirolariek" eman dute izena: Oihana Kortazarrek, Nerea Amilibiak, Ana Condek, Oihana Azkorbebeitiak eta Jone Urkizuk, besteak beste.

Baina azpeitiarren parte-hartzea da mendizaleek faltan eman dutena. Hamabost azpeitiarrek dute izena emanda lasterketarako. "Hori ez da ezer. Aurreko urteetan azpeitiar piloak hartu dute parte proban, eta aurten ere animatzeko eskatzen diegu".

Jesus Zelaia: "Gorako bidean, proba ikustera bildutakoek asko laguntzen dute"

Jesus Zelaiak (Azpeitia, 1965) iaz Euskadiko Mendi Lasterketetako eta Euskadiko Mendi Lasterketa Bertikaletako beteranoen mailako kopak lortu zituen. Aurtengorako Aizkorriko maratoia egitea du helburua, baina denboraldiko lehen proba etxean egingo du, zuzenekoa.

Errepideko lasterketetan parte hartu duzu orain arte, eta orain mendiko probetan lehiatzen ari zara. Zer dela-eta erabaki duzu aldaketa?

Beti izan dut mendirako zaletasuna. Baina lehen ez zegoen mendiko lasterketarik, eta Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, Behobia... egiten nituen. 20 urte nituenetik nabil korrika. Gero, Aizkorriko maratoia hasi zen, eta han izena eman nuen, baina neumonia harrapatu, eta ezin izan nuen lehiatu. Hurrengo batean hartu nuen parte, ordea. Gero, pixkanaka, mendiko probetan lehiatzen hasi nintzen, eta handik gutxira toki guztietan mendi lasterketak antolatzen hasi ziren.

Errepidean eta mendian lasterka egitearen artean zer alde dago?

Bakoitzak entrenatzeko modu jakin bat eta erritmo bat du. Niri Loiolara bueltaka ibiltzea baino mendian ibiltzea atseginagoa egiten zait. Entrenatzerakoan denbora askoz errazago pasatzen da.

Non entrenatzen duzu?

Hemen inguruan mendi asko dugu entrenatzeko. Lehen Ernio aldera joaten nintzen, eta orain Izarraitz aldera. Ibiliz, ibiliz, bidezidorrak eta aldapak ezagutzen dira. Mendiak aukera gehiago
ematen du, eta politagoa da. Baina gustatu egin behar da.

Fisikoki mendia ez al da gogorragoa?

Jendeak hala uste du. Lurrazala aldatuz joaten da: oraintxe harri artean egin behar da korrika, eta gero toki bigun batean. Asfaltoan, berriz, seriek egitea oso gogorra da. Nik uste dut asfaltoak berak lokailuetan-eta kalte handiagoa egiten duela. Mendian bakoitzak bere erritmoa hartzea da kontua.

Mendi lasterketen eta proba bertikalen artean ere aldea egongo da, ezta?

Desberdinak dira. Igoera bertikalean irteeratik topera zoaz, eta mendi lasterketan, berriz, ondo doakizun erritmoari eutsi behar zaio. Baterako eta besterako prestaketa ere desberdina da.

Martxoaren 4an zuzenekoan hartuko duzu parte. Buruan al duzu jada?

Urritik urtarrilera atsedena hartu nuen, eta urte hasieran hasi nintzen probarako prestatzen. Zuzenekoan buelta dezente egin ditut dagoeneko; astean behin edo bitan saiatzen naiz joaten, baina aldapa oso gogorra da. Aurreko batean, eguraldi txarrarekin, erdiraino ailegatu eta buelta hartu nuen. Zuzenekoan, ordea, malda handia dago, ur asko ez da gelditzen, eta nahiko lehorra egoten da bidea. Elurra dela-eta azken hiru asteetan nahiko zaila izan da gora igotzea. Zuzenekoak denboraldi hasieran bezala harrapatuko nau oraingoan.

Nolakoa da zuzeneko proba?

2.800 metro ditu bideak; motza da, baina gogorra. Bakarka irteten gara, eta topera. Nahi gabe ere sufritu egiten da; ez dauka atsedenlekurik zuzeneko bideak.

Zein zati egiten zaizu gogorrena?

Dena da gogorra. Baina bukaeran indarra handik edo hemendik ateratzen da. Tarteko zatia da gogorrena, harriena.

Proba egunean nolako eguraldia egitea nahiko zenuke?

Lokatza egoteak ez dit axola. Oinetako onak izanez gero, ez da arazoa. Baina eguraldi lehorra egotea eta jendeak lasterketa ikusteko aukera izatea da niri gustatuko litzaidakena. Hor, gorako bidean, proba ikustera bildutakoek asko laguntzen dute. Gailurrean egoten den giroa ere polita izaten da.

Aurten Euskadiko proba bertikal guztiak egiteko asmoa al duzu?

Ez dakit. Azpeitikoa egingo dut, baina besteak ez dakit egingo ditudan. Azpeitikoan gustura irtengo dut, eta agian baita Anbotokoan ere. Bukaera aldera da, eta hori ere gustukoa dut. Helburua, ordea, mendi lasterketetan daukat jarrita. Baina Azpeitiko mendi lasterketan parte hartuko dudan ez dakit, astebetera Aizkorrikoa baita. Akaso irten lehiatuko naiz, baina ez gogor egiteko.

Aizkorrikoan, orduan, izena eman duzu.

Bai, emanda daukat, eta eskatutako denboratan sartzea espero dut. Nik orain bi urte egin nuen denborarekin, sartzeko aukera izango dudalakoan nago. Nire helburua lasterketan parte hartu eta Aizkorrikoa egitea da. Gogorra da, sufritu egiten dut, baina gustura egiten dut. Aizkorrikoan egoten den giroa izugarria da; ibilbide osoan zehar jendea egoten da, eta polita da.

Ander Garmendia: "Mendate bat denak emanda igotzea bezalakoa da"

Ander Garmendiari (Azpeitia, 1987) mendia beti gustatu izan zaio, baina txirrindularitzan ibili da, afizionatuen mailan. Joan den denboraldia bukatuta, alde batera utzi zuen bizikleta. Aurten, aurrenekoz Zuzenien Mendi Lasterketa Bertikalean hartuko du parte.

Orain arte txirrindularitzan ibili zara, baina orain utzita zaude.

Umetatik bizikletan lehiatu izan naiz. Iaz unibertsitateko ikasketak bukatu, eta ekainean lanean hasi nintzen. Gero, irailean txirrindularitza denboraldia bukatu, eta lehia alde batera uztea erabaki nuen. Aurrerantzean bizikletan ibiliko naiz, baina nire kontura. Zerbait desberdina probatze aldera hasi naiz orain mendian.

Txirrindularitzaren eta mendiko lasterketen artean zer alde dago?

Desberdinak dira, baina antzekotasunak ere badituzte bi kirolek. Zuzenekoa, azken batean, bizikletarekin mendate luze bat denak emanda igotzea bezala da; nahiko antzekoa da esfortzua. Baina zuzeneko proba txirrindulari lasterketa bat baino motzagoa da. Aldiz, giharreei dagokienez eta teknikoki desberdinak dira bi kirolak. Teknika aldetik nik oraindik nahiko gaizki ikusten dut nire burua mendian.

Zuzenekorako prestatzen ariko zara orain, ezta?

Bai. Aurretik lasterka banebilen, eta mendian ere banabil. Prestatzen hasi aurretik ere mendian ibiltzen nintzen. Bertikaleko ibilbidea ere eginda nuen aurretik, eta gustatu egin zitzaidan. Orain, azkenengo asteetan, astean behin behintzat zuzenekoaren bidea egiten dut, eta bestela ere mendira jotzen dut.

Azken asteotan elurrak eta izotzak bidea gogortu egin omen dute. Zuri zer iruditu zaizu?

Bai, hala da. Gainera, hasieran lokatza asko dago, eta horrek ere asko zailtzen du bidea. Aurrerago, ibilbide bukaeran, harri artean, elurra badago, edo eremua bustia badago, arriskutsuagoa egiten da bidea. Zuzenekoaren bidea asko aldatzen da udatik garai honetara.

Zuzenekoa gogorra dela diote. Zuri ere hala iruditzen al zaizu?

Bai, hala da; gogorra da. Ez da bide luzea, baina gogorra egiten da.

Bidearen zati astunena zein egiten zaizu?

Lasai hartuz gero ondo igotzen da, baina hasieratik indartsu hasita harrobitik gorakoa gogorra egiten da. Beraz, gogorrena bukaerako zatia egiten zait niri.

Hori diote: gailurra bertan ikusten dela, baina ez dela berehala iristen bertara.

Bai, hala da. Gailurra bertatik bertara ikusten da, baina ez da berehalakoan iristen hara.

Zenbat denboran egin nahiko zenuke proba?

Ez daukat denborarik buruan. Inoiz ez dut lasterketa honetan parte hartu, eta ez daukat esperientziarik horrelako probetan. Ahal dudan ondoena egin, eta neure buruarekin gustura gelditzea da nahi dudana. Jende askok aipatzen du denbora, baina neuk ez daukat erreferentziarik, eta ez diot helburu zehatzik jarri nahi nire buruari. Aurten nola egiten dudan ikusi nahi dut, eta, agian, datorren urtean denbora jakin batean egitea izango dut helburu.

Ongi al zabiltza prestaketekin?

Fisikoki ez nago hain gaizki, baina teknikoki hutsunea antzematen dut. Toki batzuetan azkar joateko konfiantza falta dudala sumatzen dut; toki horietan beste batzuk lasaiago ikusten ditut. Denek lasai hartzeko esaten didate, eta denborarekin hartuko diodala tamaina.

Proba egunean nolako eguraldia egitea gustatuko litzaizuke?

Eguraldi txarra egiten badu ere, ez zait axola. Bizikletan korritzen nuenean ere euritan gustura ibiltzen nintzen. Proba egunean euria edo elurra egiten badu ere, ez naiz etxean geldituko.