Dantzarako urrats berriak, 'Oinazez' ikuskizunean

Urola Kostako Hitza 2012ko ots. 23a, 16:29

Ibarrako Alurr taldearen emanaldia izango da igandean, otsailaren 26an, Sanagustinen, 19:00etatik aurrera. Euskal dantza tradizionala eta dantza garaikidea uztartuz, proposamen berritzailea eramango dute taula gainera.

Ibarrako Alurr dantza taldearen Oinazez ikuskizuna ikusteko aukera izango da igande honetan, 19:00etatik aurrera, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Euskal dantza tradizionala eta dantza garaikidea uztartuz, proposamen berritzailea eramango dute taula gainera, Aiert Beobideren zuzendaritzapean. Oztopoak gainditu eta aurrera egin nahi duen pertsona baten istorioa izango dute kontagai. Alde horretatik, egin nahiaren eta ezinaren arteko jolasa aurkeztuko dute. Oro har, "bizitzan ekiten dugun bidearen gogoeta xumea da".

Bere tokia topatu nahian ibiliko da ikuskizuneko protagonista. Tradizioari eutsi nahiko dio, baina, aldi berean, bide berriak urratzeko gogoa sentituko du. Berrikuntzarako bide hori ez da gozoa izango, beldurrak, minak eta zalantzak agertuko direlako. Nolabait esateko, sentipen horiek dantzaren bidez islatu nahi izan ditu Alurr dantza taldeak Oinazez proiektuarekin.

Astiazaranen musika

Zuzeneko musika izango dute lagun dantzariek emanaldi osoan. Jagoba Astiazaran txistulari zestoarra arduratu da ikuskizuneko musikaz, eta hasiera-hasieratik hartu du parte proiektuaren sortze prozesuan. Hala, protagonistaren mina islatzeko, esaterako, Aita Donostiaren Oinazez kantua hartu dute oinarri. Aipatutako piezaz gain, Mikel Laboaren hainbat abesti egokitu eta konposizio berriak sortu dituzte. Koreografien eta musikaren lanketak eskutik helduta joan dira uneoro, eta bateratasun hori agerian geratzen da emanaldietan.

Oinazez ikuskizuna Tolosako Leidor Aretoan estreinatu zuten duela urtebete pasatxo. Euskal Herriko hainbat antzokitan aritu ondoren, Azpeitian aurkeztuko dute orain. Sarrera 6 eurotan jarri dute, eta Sanagustinen bertan eros daitezke, baita webgunean (sanagustinkulturgunea.com) ere. Dantza taldeak, bestalde, 1512, izanak dirau izeneko ikuskizun berria du esku artean; datorren hilean estreinatzeko asmoa du.