Bilduk apirileko udalbatzarrean egingo du Azpeitian ere atez ateko zabor bilketa ezartzeko proposamena

Berria.info, Uztarria.com 2012ko ots. 22a, 17:13

Zaborren bilketarako atez ateko sistema datorren urtetik Gipuzkoako beste 34 herritan jarri nahi du koalizioak, gaur (astelehena) hainbat alkatek eta zinegotzik iragarri dutenez, eta bihartik aurrera hasiko da eskaera udalbatzarretara eramaten. Azpeitian bi hilabete barruko bilkuran plazaratuko dute gaia, Leire Etxaniz zinegotzi eta Urola Erdiko Mankomunitatearen lehendakariak Uztarriari baieztatu dionez.

Gaur egun Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolan dago atez atekoa, laurak Gipuzkoan, eta Bilduk adierazi du oso gustura dagoela. "Beste sistemekin %25 birziklatzen da eta atez atekoarekin %90. Zaborra kontrolik gabe sortu izan dugu eta atez atekoa da gaurko sistemen alternatiba bakarra", esan dute Bilduren izenean Ainhoa Zabalo Lezo alkateak eta Mikel Biain Oñatikoak gaur, prentsaurreko batean.

34 herri horietan ere atez atekoa onartuko balute, 38 herrietan Gipuzkoaren erdia bizi dela azpimarratu du Bilduk. Koalizioa Nafarroan ere ari da zaborren bilketa era hori jarri nahian; Sakana eskualdeko herrietan, hain zuzen. Mankomunitateak erabakia hartua du, eta aurten martxan jartzekotan da. Bideragarritasun plan tekniko bat prestatzen ari da orain; apiril bukaerarako egina espero du.

Urola Erdiari dagokionez, Zestoan martxoko udalbatzarrean aurkeztuko du Bilduk atez atekoaren aldeko proposamena, eta Azkoitian ekainean, Etxanizek aurreratu duenez.