Bukatu dira bost eguneko festak

Uztarria.eus 2012ko ots. 22a, 11:17

Suzko zezenarekin bukatu ziren atzo iluntzean aurtengo karnabalak. Ostiralean hasi eta atzora bitartean festa giroa nabarmendu zen Azpeitian. Ohi bezala mozorroak eta sokamuturra izan dira aurtengo protagonistak.

Udaleko festa arduradunak gustura daude aurten karnabalek izandako emaitzarekin, eta jendearen parte hartzearekin. "Herritar askok hartu du parte festan; gainera, ikusi besterik ez dago urtetik urtera mozorroak hartzen dituzten lanak. Mozorro landuak ikusi ziren astelehen eguerdian eta lanean", dio Mikel Ibarzabal festa zinegotziak.

"Nahigabe bat" ere badu Ibarzabalek festen bukaeran: "Asteleheneko haurren desfilean gozokian bukatu egin ziren, eta haur batzuk gozokirik gabe gelditzeak nahigabea eragin dit". Azpeitiko Udalak 1.700 haurrentzako gozoki sortak zituen prestatuta, eta denak banatu eta gero ume batzuk gabe gelditu ziren. Guraso batzuen jarrerarekin kexu da zinegotzia: "Zenbaitek haurrak gozoki sorta bat baino gehiago hartzera bultzatu zituen; geure begiekin ikusi genuen. Eta ez dakigu datozen urteetan zer egingo dugun, baina hausnartu egin beharko dugu".

Gainontzean, ekitaldiak ongi atera dierela azaldu dute Udal ordezkariek. Atzo, karnabaletako azken egunean, haurrentzako parkea eta jolasak, eta Arno ganadutegiko zezenak izan ziren kalean.

Bestalde, helduen mozorro lehiaketako saridunak ondokoak izan ziren:

- Taberna onenaren saria: bi afari Larrañagan, Sanagustin kulturgunea.

- Banakako lehenengo saria: 200 euroko saria, ipotxak.

- Bigarren banakako saria: 150 euroko saria, dalmatak.

- Hirugarren banakako saria: bi afari Ametsa tabernan, Binaka hortzetako pasta.

- Taldekako lehenengo saria: 800 euro, dultzaineroak eta erraldoiak.

- Taldekako bigarrengo saria: 700 euro, bikingoak.

- Taldekako hirugarren saria: 500 euro, Victoria Secret.

- Taldekako laugarren saria: Sanagustinen afaria, pottokiak.