Jose Luis Frantzesena: "Egin beharreko lana da, herriari zor diogu-eta"

Uztarria.eus 2012ko ots. 16a, 11:20
Ezkerretik eskubira, Jose Luis Frantzesena, Mikel Ibarzabal eta Kontxita Martija.1

Sansebastianetako piezekin egin zuen moduan, karnabaletako doinuak ere pianoan erraz jotzeko moduan moldatu ditu Jose Luis Frantzesena musikari eta musikagile azpeitiarrak. Horrez gainera, gitarra-jotzaileentzako edo soinu-jotzaileentzako akordeak ere zehaztu ditu. Hori dela-eta, Uztarria.com-ek Jose Luis Frantzesenarekin hitz egin du.

Sansebastianetako piezekin egin zuen moduan, karnabaletako doinuak ere pianoan erraz jotzeko moduan moldatu ditu Jose Luis Frantzesena musikari eta musikagile azpeitiarrak. Horrez gainera, gitarra-jotzaileentzako edo soinu-jotzaileentzako akordeak ere zehaztu ditu. Hori dela-eta, Uztarria.com-ek Jose Luis Frantzesenarekin hitz egin du.

Zer bildu duzu, zehazki, liburuxka horretan?

Karnabaletako eta sagardotegiko kantuak, zein beste herrietako abestiak bildu ditut liburuxkan. 31 kantu, hain zuzen. Gehienak bertako kantuak dira, herrikoiak. Batzuk Jose Inazio Aldalur azkoitiar musikariarenak dira, Jose Mari Altunak Moldatutakoak besteak eta neureak dira beste batzuk. Azken finean, garai batean geu gazteak ginela kantatzen genituen abestiak dira. Lehen bandarako moldaketak eginda nituen, baina hobetu eta letra ere erantsi diet kantuei.

Lan handia izan al da moldaketak egitea?

Bai, lan handia du honek, baina erraz egin dut ohituta nagoelako. Egin beharra zegoela uste dut, jendeak halako edo bestelako kantuagatik galdetzen zuen-eta. Komenigarria da horrelakoak edukitzea gerora begira ere.

Sansebastianetako kantuekin ere osatu zenuen bilduma.

Bai, baina karnabaletakoak lan gehiago eskatu dit. Hiru aldiz lan gehiago. Hark ere lana zuen, bai, baina honek askoz gehiago.

Non eskuratu daitezke liburuxkak?

Liburuxkak Musika Eskolan daude eskuragarri. Liburuxka didaktikoa da, eta han uztea egokia iruditzen zait, ikasleek erabili ahal izateko. Izan ere, pianorako ez ezik, gitarrarako eta soinurako akordeak ere jarri ditut liburuxkan.

Zer dela-eta egin dituzu liburuxka hauek?

Kantu horien materiala ez dago jasota, eta galtzeko arriskua ikusten nuen. Kantatzeko ohiturak ere behera egin du. Jendeak eskura eduki ditzan egin ditut liburuxkak. Jendeak herrian zer kantatzen zen jakiteko, eta musikariei ere balioko diela uste dut.

Emaitzarekin gustora al zaude?

Beno, gustura nago. Lana da hori egitea, baina lan polita. Egin beharreko lana, herriari zor diogu-eta.

Beste bildumarik egingo al duzu?

San Inazio ingururako kaleratu nahi dut beste liburuxka bat. 60 bat pieza jasoko ditut. Kalean entzun izan diren kantuak bilduko ditut.