Eta Karmele?

Uztarria.eus 2012ko ots. 15a, 11:58

Bihar, Ostegun gizena, antzerkiaz gozatzeko aukera egongo da Sanagustin kulturgunean. 21:30ak eta 22:00ak bitartean hasiko da, eta Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreak izango dira oholtzan. 

Hemen Oier Guillan antzerkigile eta zaleak 'Berria'n duen antzerki honi buruz idatzitako iritzia:

"Eta Karmele?" bi emakumeren arteko elkarrizketa da, umoretsua, eroa eta gazi-gozoa, pentsamendu zentzudunenetik egoerarik absurduenera pausu ttiki bat besterik ez dagoela erakusten diguna. Guztiaren erdigune, Karmele dugu. Nor ote da Karmele? Topatuko al dugu? Nolakoa izango ote da? Zentzurik ba al du Karmeleren bila ibiltzeak? Baina batez ere...non dago Karmele?

Ikusle-kontzientzia dudanetik beti topatu izan ditut formatu txikiko lan interesgarriak Euskal Herrian. Antzerkiaz ari garelarik euskara hutsezko sorkuntza, adierazpena, sentimenduen agerpena, formatu txiki eta ertainean eman izan da sarri. Formatu hauei gaizki erabilitako “amateur” hitza (zenbaitetan modu gutxiesgarrian) atzetik jarri izanagatik agian oharkabean pasa izan zaizkigu askotan. Nago ez ote zaigun gure antzerkigintzaren parte oso garrantzitsu bat agendako zerrenda luzeetan galdu (eta hori zerrenda horietan azaltzen diren komunikabide bakanak aintzat hartuta, noski).

“Eta Karmele?” azkenaldian topatu dudan formatu txikiko lanik interesgarrienetakoa da. Formatu txikia diogu edozein lekutan sar litekeelako kasik, bestela handia baita Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek transmititzen duten gogoa, indarra eta komunikatzeko gaitasuna. Handia da halaber Samara Veltek absurduaren magia eta teknika barneratzen egin duen ahalegina. Handia emanalditik aterata zabaltzen ahal zaizun asetasun irribarrea, edo-eta-batez-ere-eta-berehala horrelako antzerkia egitea aukeratu dutelako sentitzen ahal duzun poza".