III. Gau Txori Argazki Rallya egingo dute zapatuan

Uztarria.eus 2012ko ots. 1a, 12:02

Bihar, osteguna, izango da izena emateko azken eguna

Rallya 19:00etan hasi eta 01:00etan bukatuko da

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta, III. Gau-Txori Argazki Rallya egingo dute zapatuan, hilak 4. Izena emateko azken eguna bihar, osteguna, izango da eta azpeitikoargazkielkartea@hotmail.com idatzi behar da. Izena ematen duenak rallyko egunean bertan, zapatuan, bost euro ordaindu beharko ditu eta afaltzera gelditu nahi dutenek, berriz, hamabost euro. Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan (Perez Arregi 1, 1), 18:00etatik 19:00etara bitartean egin beharko da ordainketa.

Parte hartzeko baldintza bakarra, memoria-tarjetadun kamera digitala izatea da. Rallyan zuri beltzeko nahiz koloretako argazkiak atera ahal izango dira eta JPG formatuan egon beharko dute. Azpeitian ateratako argazkiak izan beharko dute eta Rallyaren hasieran esango dute antolatzaileek zein gai landu beharko dituzten.

Rallyaren bukaeran, 01:00etan, parte-hartzaile guztiek ateratako argazki guztietatik 50 aukeratuko dituzte.

Parte hartzaile bakoitzak, otsailaren 12rako gai bakoitzari dagokion argazki bat aukeratu eta azpeitikoargazkielkartea@hotmail.com helbidera bidali beharko du.

Hiru sari

Hiru sari banatuko dituzte: bilduma onenaren saria jasotzen duenak, 150 euro eta garaikurra eskuratuko ditu; bigarren sailkatuak 100 euro eta garaikurra eta, hirugarrenak, 70 euro eta garaikurra irabaziko ditu.

Saritutako argazkiak elkartearen esku geldituko dira.