Azpeitia Zero Zaborrek hitzaldi zikloa antolatu du

Uztarria.eus 2012ko urt. 31a, 12:01
Azpeitia Zero Zaborreko kideak, atzo, hitzaldi zikloaren aurkezpenean.

Hiru hitzaldi izango dira datozen bi asteetan

Bihar, asteazkena, izango da lehenengoa Emakumeen Txokoan eta El Tinter enpresako kasu praktikoaz arituko dira

Duela hilabete pasatxo sortu eta martxan jarri zuten Azpeitia Zero Zabor taldea. Taldeak adierazi duenez, "gaiaren inguruko informazioa eskuratzen eta aztertzen jardun dugu hilabeteotan".

Aste honetarako hitzaldi zikloa antolatu du Azpeitia Zero Zaborrek eta bihar, otsailak 1, hasiko da. Herritarrak hitzaldi zikloan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte AZZkoek.

Bihar, asteazkena, El Tinter enpresako kasu praktikoaz arituko dira, eta Antonia Barba El Tinter enpresako zuzendaria izango da hizlaria. 19:00etan hasiko da, Emakumeen Txokoan.

Asteazkenean, hilak 8, Hondakinen kudeaketa: Azpeitia eta Gipuzkoako egoera izango dute hizpide Leire Etxaniz Urola Erdiko Mankomunitateko Lehendakariak, Izaskun Zeziaga Azpeitiko ingurumen teknikariak eta Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Lurralde Antolaketa arduradunak. 19:00etan izango da, Sanagustin kulturgunean.

Hirugarren eta azken hitzaldia otsailaren 13an, astelehena, izango da. Zero Zabor: Hondakinek badute irtenbidea izenburupean Ainhoa Arrozpide eta Mikel Ikatzategi Gipuzkoa Zero Zaborreko kideek hitz egingo dute. 19:00etan izango da, Sanasgutin kulturgunean.

Azpeitiko Zero Zabor taldeak uste du zero zabor kontzeptua garatze bidean aldaketa ugari beharrezkoak direla: "Ezinbestekoa da herrietan hondakinak egoki sailkatzea, sailkapen egoki horri esker material horiek ahal den neurrian berrerabiltzeko eta gainontzeko kasuetan birziklatzeko".

Azpeitiko egungo bilketa sistemak, "jasotzen duenaren %40a da hondakina, asko jota. %60aren gainetik dago zabor hutsa, zuzenean zabortegira botako dena".

Azken hilabeteotan hainbat bisita-eta egin dituzte Azpeitia Zero Zaborreko kideek eta bilketa sistema desberdinak ikusi dituzte bisita horietan .

Azpeitia Zero Zaborreko taldekideek uste dute "Azpeitiko bilketa sistemak aldaketa sakon bat behar duela" eta jasotakoaren %80a baino gehiago hondakina izatea lortu nahi dute. AZZk azpeitirako bilketa sistema berri eta propioa garatu beharra dagoela uste du.

Taldeko kideek adierazi dutenez, "helburu hau lortu ahal izateko azpeitiar guztion ekarpena beharrezkoa izango da, herri garbi eta jasangarri bat ilusioz eraiki dezagun".