Zinekluben errealitatea hizpide

Urola Kostako Hitza 2012ko urt. 26a, 17:01

Etzi, larunbata, Gipuzkoako zinekluben egoera eta etorkizuna mahai-ingurua egingo dute Sanagustinen

Bertaratuko direnen artean, besteak beste, Elgoibar, Zumarraga-Urretxu, Beasain, Mutriku, Azkoitia eta Azpeitiko zineklubetako ordezkariak izango dira

Etxeko egoera kontuan hartuta eta gainerakoena ezagutze aldera, Azpeitiko Ta3 zineklubak Gipuzkoako zinekluben egoera eta etorkizuna mahai-ingurua antolatu du larunbaterako. Hain zuzen ere, arazo legal batzuk izan zituen Azpeitiko zineklubak, banaketari eta eskubideei dagokionez. Hasierako Soreasu antzokia desagertzearekin batera, garaiko zinemazale taldea ere desagertu egin zen. Orduan, gazte batzuek Ta3 zineklub berria osatu zuten, eta zinema aretorik ez zegoenez, DVD formatuan ematen hasi ziren filmak Betharramen. Ondoren, Sanagustinen jarraitu zuten, eta denboraldi berriari Soreasu berrituan ekin behar zioten. Hasiera batean, urrian hastekoak baziren ere, arazo legal horiek medio, atzeratu egin behar izan dituzte emanaldiak. Baita eskaintza murriztu ere.

Bizi duten egoera garratza abiapuntu, zinekluben egoerari buruzko mahai-inguru hau antolatzea bururatu zitzaien. Eta, halaxe egin dute, Azkoitiko Matadeixe Zinetogram zineklubarekin elkarlanean. "Ekimenaren zentzua hori da; hau da, zineklub bakoitzaren errealitatea zein den edo nola funtzionatzen duen ezagutzera ematea, eta gainerako taldeekin partekatzea", aditzera eman du Ta3 taldeko kide Eneko Kerejetak.

Tokian tokiko errealitatea apartekoa eta denetarikoa dela nabarmendu du honek, gainera. "Adibidez, Tolosakoek harreman ona dute udalarekin eta ostegunero izaten dute saioa. Horrez gain, gurea bezalako kasuak daude, urtean bost emanaldi bakarrik eman ahal izango dituguna aurten". Bere esanetan, zinekluben biziraupenak zerikusi zuzenagoa du udalen politikarekin taldeen beraien egoerarekin baino. "Gugatik izango balitz, emanaldi gehiago eskainiko genituzke, baina ditugun balibideekin ezinezkoa zaigu. Oro har, bakoitza zein egoeratan dagoen eta zein arazo dituen ikusi nahi dugu, eta elkarren artean, guztion bizipenetatik, zerbait ikasi".

Ahalik eta jende gehien

Azpeitiko zineklubak harreman zuzena duen zinemazale taldeak gonbidatu ditu larunbateko mahai-ingurura. Horretaz gain, deialdia gaiarekiko interesa izango luketen beste talde batzuei ere luzatzeko eskatu diete. Azken finean, antolatzaileen asmoa ahalik eta jende gehien gerturatzea da. Bertaratuko direnen artean, besteak beste, Elgoibar, Zumarraga-Urretxu, Beasain, Mutriku, Azkoitia eta Azpeitiko zineklubetako ordezkariak izango dira. Mahai-ingurua Ta3 taldeko kideetako batek gidatuko du: "Aurkezpentxo bat egin eta talde bakoitzaren egoera aztertu ondoren, gai batzuk ekarriko ditugu mahaia elkarrekin eztabaidatzeko". Ekimena Sanagustinen izango da, 10:00etatik aurrera, eta kulturgunera hurbiltzen diren herritarrek solasaldia entzuteko aukera izango dute.

Mahai-inguruarekin irtenbideak aurkitzea dute helburu. "70eko eta 80ko hamarkadetan zineklubek sekulako gorakada izan zuten; jende asko zegoen horietan sartuta. Gaur egun, arrazoi asko tarteko, galtzen ari da. Taldeak txikiagoak dira, eta batzuek aurrera jarraitzeko zailtasunak dituzte. Hala, interesgarria izango litzateke zinekluben federazioa sortzea, indarrak metatzeko. Baina hori mahai-inguruan eztabaidatu beharko dugu, eta ikusiko dugu erabakia zein izango den, eta zein talde dauden horretarako prest", azaldu du Kerejetak.

Azken finean, "talde bakoitzak bere kasa funtzionatu beharrean, interesgarri iruditzen zaigu sare bat sortu eta guztion artean egoerari aurre egitea. Gipuzkoa osoan interesa dagoen zerbait bezala aurkeztu nahiko genuke, eta ez herri bakoitzetako egoera jakin bat balitz bezala".