Udal Liburutegiko euskarazko liburu irakurriena, iaz, 'Hiru Mariak'

Uztarria.com 2012ko urt. 23a, 12:01

Gaztelerazko liburuen artean, Maria Dueñasen El tiempo entre costuras izan da mailegatuena

Azpeitiko Udal Liburutegiak 35.126 erabiltzaile izan zituen iaz, 2010ean baino 5.739 erabiltzaile gehiago

Azpeitiko Udal Liburutegiak 35.126 erabiltzaile izan zituen iaz, 2010ean baino 5.739 erabiltzaile gehiago. Erabiltzaile horietatik 1.459k Wifia erabili zuten eta 34.784 liburu mailegatu ziren guztira. Egun, 4.131 bazkide ditu Udal Liburutegiak, eta 2011 urtean 536 pertsona egin ziren bazkide.

Iaz, helduentzako euskarazko liburuen artean, Arantxa Urretabizkaiaren Hiru Mariak izan zen irakurriena. Bigarren irakurriena, aldiz, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao izan zen. Gaztelerazkoen artean, Maria Dueñasen El tiempo entre costuras liburua izan zen mailegatuena, eta Glen Cooperren La biblioteca de los muertos bigarren mailegatuena.

Haur eta gazteen liburuak

Umeen literaturan, 0-4 urte bitartekoen artean, Bubu ehiztari eta Kroko eta lagunak liburuak izan dira euskarazko irakurrienak. .5 eta 7 urte bitarteko gaztetxoen artean irakurrienak, Txirri, Mirri eta Txiribiton eta Alaitz Olaizolaren Azpeitiko kontuak eta komeriak liburuak izan dira.

.8 eta 11 urte inguruko gaztetxoek gehien irakurri dituzten liburuak honakoak dira: Bidaizoroa Sagutxistanera eta Munduko lasterketa eroena. Biak ere Geronimo Stilton idazlearenak.

Hamabi urtetik gorako gaztetxoek, euskarazko liburuen artean, Agustin Fernandezen Maitasuna da geratzen den bakarra eta Pierdomenico Baccalarioren Denboraren ateak dira gehien mailegatu dituztenak. Gaztelerazkoetan, berriz, Cecilia Dominguezen Aquel Verano eta C. S. Lewisen El sobrino del mago izan dira mailegatuenak.