Gaizka Otamendi: "Xamanek kobazulotan egiten zituzten marrazkiak bezala dira"

Urola Kostako Hitza 2012ko urt. 19a, 16:01
Gaizka Otamendi, bere margolan batean islatuta. (MENDI URRUZUNO)

Zezenak, zaldiak eta giza irudiak margotu ditu, lerroetatik abiatuz

Donostiako El Muro tabernan ikus daitezke lanak

Azken hiru urteetako margolanak bildu, eta Donostiako El Muro tabernako hormetan jarri ditu erakusgai Gaizka Otamendi (Zestoa. 1984) artistak. Dozena bat lanek osatzen dute erakusketa, eta horietan zezenak, zaldiak eta gizakiak ageri dira, abstrakzioaren eta figuratibismoaren arteko nahasketa eginez. Erakusketa otsailaren 12a bitartean ikus daiteke. Baina margogintza ez ezik, Otamendik argazkilaritza ere lantzen du.

Lerroz osaturiko sare multzo batetik sortutako irudi figuratiboak sortu dituzu. Nola osatzen duzu abstrakziotik abiatuz figuratibismoan bukatzen duen prozesua?

Paper zurian lerro fin batzuk egiten ditut, besterik gabe, eta lerro horiekin sare bat osatzen dudanean, irudi figuratiboak bilatzen hasten naiz. Lerro gurutzaketek edo elkarketek sortzen dituzten formak aprobetxatuz, irudiak eraikitzen saiatzen naiz.

Lerro horiek margotzen hasten zarenean, derrigorezkoa al zaizu errealitateko formak bilatzea?

Azken finean, hori da nire helburua; hau da, lerroen bitartez figuratiboa den zerbait egitea. Enkontrismo moduko bat dela esan daiteke. Aintzina batean xamanek edo lehen gizakiek kobazulotan egiten zituzten marrazkiak bezala dira. Harkaitzetan formak bilatzen saiatzen ziren haiek, eta forma horiei zezen edo zaldi itxura ematen zieten.

Arbasoen marrazketa teknika bera erabili duzu, orduan?

Erabilitako teknika gaur egungoa izan da: akuarela eta tinta kotoizko paperaren gainean. Marrazteko modua, aldiz, arbasoek kobazulotan egiten zuten bera da.

Artelanetan gehien bat zezenak, zaldiak eta giza gorputzak aurkeztu dituzu. Pablo Picassoren tankera ere badute, ezta?

Hori esan didate, baina ez naiz Picassoren lanean oinarritu. Hasieran, gainera, Gernika lana liburutan eta argazkitan ikusten nuenean ez zidan ezer esaten. Gerora, aurrez aurre ikusi nuen, eta zirrara handia sorrarazi zidan. Hala eta guztiz ere, ez dut erreferentzia gisa hartu. Arreta handiagoa jarri dut kobazulotako ereduetan; nolabait ere, animaliek garai hartan zuten garrantziaz jabetzeko, eta zentzu hori gaur egun nahiko galduta dagoela adierazteko. Orain, Iphone sakeleko telefonoa eta definizio altuko telebista erabiltzen ditugu, eta ez diegu arretarik jartzen benetan garrantzitsuak izan daitezkeen gauzei.

Nolabait esateko, naturaren aldeko aldarrikapena al da?

Bai, izan daiteke. Horrez gain, kontuan hartu behar da animaliak oso gustuko ditudala; batik bat, zezenak eta zaldiak. Animalia horiek dira gehien gustatzen zaizkidanak, eta horiek margotzera ohitu naiz. Beharbada, horiek irudikatzeko beharra sentitzen dut. Dena den, horretaz gain, giza gorputza ere lantzen dut, eta erakusketa honetako margolanetan ere ageri da.

Zenbat margolan bildu dituzu, eta nola egituratu duzu erakusketa?

Denetariko tamaina duten margolanak jaso ditut, 1,66 metrotik hasi eta 40 zentimetro inguru artekoak. Dozena bat lanek osatzen dute erakusketa, baina ez dute loturarik euren artean. Horrenbestez, ez diot izenbururik jarri erakusketari.

Joan den astean jarri zenituen margolanak erakusgai. Zer-nolako harrera izan du erakusketak lehenengo astean?

Harrera ona izan du, bai. Bi margolan jada saldu ditut, eta, alde horretatik, oso gustura nago. Tabernako jabeak esan didanez, jendeari asko gustatu zaio nire proposamena. Artelanak saltzea, behintzat, seinale ona da; are gehiago gaur egun.

Azken urtean ekoitzitako margolanak al dira?

Egia esan, nik oso gutxi margotzen dut. Beraz, margolan hauek ez ditut erakusketa honetarako espresuki landu. Dena dela, ez neuzkan lehendik jende aurrean erakutsita. Pixkanaka-pixkanaka egin ditut. 2009 eta 2011 urteen artean, zehatz esateko. Mordoxka bat bildutakoan erakusketa bat egiteko gogoa piztu zitzaidan. Herrian erakutsi aurretik, ordea, nahiago izan dut kanpoan erakutsi.

Ez duzula gehiegi margotzen diozu. Gehiago al duzu zeure burua argazkilaritzat?

Margolaria eta argazkilaria naiz. Arte mundutik bizitzea gustuko litzaidake, baina egun oso zaila da, eta margolaritzan are eta zailagoa. Nolanahi ere, bi diziplinetan saiatzen naiz.

Kezka berak al dituzu argazkilari eta margolari bezala?

Argazkilaritzan lana eta borroka uztartzen ditut; besteak beste, baserritarren egoera, AHTren inguruko salaketak, eta halako gaiak egin izan ditut. Aldarrikapenak dira; hau da, jendeari gizarteak nola funtzionatzen duen erakutsi nahi diot. Gaur egun, fotokazetaritza edo erreportaje lanak egiten ditut nire kasa, freelance modura. Beraz, nire margolanek eta argazkilaritzak ez dute antzik, baina betiere kezkatzen nauten gauzak islatzen ditut bietan.

Aurrera begira, ba al duzu proiekturik esku artean?

Erakusketa gehiago egiteko asmoa dut, baina ez dut inorekin ezer hitzartu. Orain, gainera, eskuin eskua hautsita dut, eta ezin dut ezertxo ere egin. Aurrera begira, ordea, galtzen ari diren euskarazko hitzen inguruko argazki erreportajea egin nahiko nuke. Adibidez, galtzen ari diren lan-tresnen inguruko erreportajea; aizkora eta aitzurra aski ezagunak dira, baina aihotza edo pertzuna bezalakoak ez, eta lan-tresna horiek galtzen badira, hitz horiek ere galdu egingo dira.