2011ko urte hasieratik 522 langabetu gehiago daude Azpeitian

Uztarria.eus 2012ko urt. 4a, 15:01

2011ko urtarrilean 228 langabe zeuden Azpeitian; 2011ko azaroan, berriz, 750

Hego Euskal Herriko datuak ere gordinak izan dira joan den urteari dagokionean; urtebetean %7,4 igo da langabezia Hego Euskal Herrian

Datu ilunak plazaratu dituzte urte amaierako estatistikek langabeziari dagokionean. Azpeitian ere gordinak izaten ari dira datuak. 2011ko urte hasieratik 522 langabetu gehiago daude Azpeitian; 228 langabe zeuden joan den urte hasieran eta urte bereko azaroan langabezian 750 pertsona izatera iritsi da. 2010eko abenduko datua, hala ere, okerragoa zen 2011ko urtarrilekoa baino. Izan ere, 2010eko abenduan 709 langabetu zeuden Azpeitian.

Zerbitzuen eta industria sektoretik datozen langileak dira langabezian geratu diren gehienak; 346 eta 269, hurrenez hurren. Azpeitiko kasuan, nahiko parean daude langabezian dauden emakume eta gizonen datuak: iragan den azaroan, 369 emakume eta 381 gizonezko zeuden langabezia.

Txanponaren beste aldean, 2011ko azaroan 213 kontratu sinatu ziren, horietatik gehienak aldi baterako (198). Zerbitzuen sektorean egin ziren kontratu gehien (161). 2011ko urtarrilean 228 kontratu egin ziren.

Hego Euskal Herriko datuak ere gordinak izan dira joan den urteari dagokionean. Enpleguaren Zerbitzu Publikoak igorritako datuen arabera, urtebetean %7,4 igo da langabezia Hego Euskal Herrian. Iturri berdinaren arabera, hilero 1.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian 2011n.

Hasi berri den 2012 honetarako pronostikoak ere ez dira itxaropentsuak. Azpeitian, gainera, Corrugados Azpeitia lantegian zuzendaritzak hainbat neurri proposatu berri ditu, tartean 140 langile kaleratzea. Langileak batzar eta mobilizazioak egiten ari dira azken hilabeteetan.