Bartzelonan emaitza bikaina lortu dute Iraurgiko jokalariek

Urola Kostako Hitza 2012ko urt. 4a, 12:01

Gasteizen, alebinen mailako txapelketan, Iraurgiko bi taldek irabazi dute saskibaloi proba

Iraurgi SBk eta Bertan mertaritza elkarteak antolatuta, saskibaloiko 3x3ko txapelketa jokatu zuten alebinek eta benjaminek

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko jokalari gazteek Gabonetako oporraldian hainbat txapelketatan hartu dute parte. Infantil mailakoak Bartzelonan Safa Claror txapelketan maila bikaina erakutsi dute. Mutilek bi partida bakarrik galdu zituzten, eta finalerdietara iritsi ziren, eta neskek finala jokatzea lortu zuten. Cornellaren aurka jokatu zuten finala, eta partida estua izan bazen ere, ez zuten irabaztea lortu.

Alebin mailako saskibaloi jokalariak, berriz, alebin mailako txapelketa jokatu dute Gasteizen, eta bai nesken eta bai mutilen taldeak txapelketako irabazleak izan dira, maila ona erakutsiz. Saskibaloi proban Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako taldeek hartu dute parte.

Iraurgiren saskibaloi eskolakoak ere lehian jardun dute oporraldian. Horiek ere lagunarteko partidak jokatu dituzte Hazparneko jokalari gazteen aurka. Partidak Hazparnen (Lapurdi) jokatu dituzte, "giro ezinhobean".

3x3an 87 talde lehian

Joan den ostiralean, Iraurgi SBk eta Bertan mertaritza elkarteak antolatuta, saskibaloiko 3x3ko txapelketa jokatu zuten alebinek eta benjaminek. Lehiaketa horretan neska-mutilen 87 taldek hartu zuten parte.