Sanagustineko ekitaldietako sarrerak eta erabiltzaileen iradokizunak, on-line

Aitor Bengoetxea (Sanagustin kulturgunea) 2012ko urt. 3a, 20:01

Kulturguneko sarreradun ekitaldiak Internetetik erosteko aukera dago gaurtik aurrera; aurrena, urtarrilaren 29koa izango da

Sanagustineko erabiltzaileen ekarpenak, kritikak eta abar egiteko modua ere badago webean, baita aretoko kutxa batean ere (egin zaitez bazkide Kultur Mahaian; urtean 10 euro dira)

Sanagustin kulturguneak beste pauso bat eman du urte berria hastearekin batera, bi zerbitzu martxan jarrita: batetik, bertako sarreradun ekitaldietarako txartelak eros daitezke dagoeneko Sanagustineko webean eta, bestetik, kulturguneko erabiltzaileek euren ekarpenak-eta egiteko txokoa daukate webean, eta kutxa bat ere bai aretoan.

Sarrerak Internet bidez. Sanagustineko ekitaldietako sarrerak hemen eros daitezke. Hor agertuko da zein ekitaldi diren sarrera dutenak, eta bertan dago erosteko modua. Halako aurrena, urtarrilaren 29koa (igandea) izango da: Mikel Markez eta Erramun Martikorenaren kontzertua.

Erabiltzaileen ekarpenak. Sanagustineko erabiltzaileek kulturguneko egitarauari, funtzionamenduari edo bestelakoei buruz iritzirik, ekarpenik, iradokizunik, kritikarik edo bestelakorik badute, gaurtik aurrera hemen horretarako modua dute —webeko azalean bannerra dago—, eta kulturgunean kutxa bat ere badago. "Sanagustinen gestioan izaera irekia dugu, eta guztien ekarpenak jasotzeko prest gaude", dio Azpeitiko Kultur Mahaiak —honek kudeatzen du Sanagustin—. Horretaz gain, herriko kultur taldeekin harreman iraunkorra izango du Sanagustinek, eta arloko aritu-aditu diren norbanako batzuekin talde bat sortu du, "aldian-aldian haien ikuspegia ere jasotzeko".

Webeko atal horretan ekitaldiak antolatzeko-eta jakingarriak ere badira: kulturguneko ekipamendua, kontaktua, agenda, sarrerak erosteko gunera linka, ekitaldietako irizpideak...