Hiru autobus bete dituzte Euskal Selekzioaren partida ikustera joateko

Uztarria.eus 2011ko abe. 27a, 19:12

Gaztelekutik bi aterako dira eta beste bat Lagun Onakek antolatuta

Guztira 151 lagun joango dira autobusez Azpeititik San Mamesera

Azpeititik hiru autobus aterako dira bihar, abenduaren 28a, Euskal Selekzioak Tunisiakoaren kontra jokatuko duen futbol partida ikustera joateko. Neurketa 20:45ean hasiko da, Bilboko San Mames zelaian.

Guztira 151 lagun joango dira autobusez Azpeititik San Mamesera. Gaztelekutik bi autobus aterako dira eta beste bat Lagun Onakek antolatuta. Gaztelekuak jarritako autobusetan 91 lagun joango dira; herriko 75 gaztetxok eman dute izena, haiekin beste bost begirale joango dira, eta gainerakoak Errezilditik etorritakoak, hango gaztelekuarekin elkarlanean egin dutelako ekimena. Lagun Onak Futbol Elkarteak jarritako autobuserako, berriz, 60 lagunek eman dute izena. Batzuk zein besteek, Euskadiko Futbol Federazioko antolatzaileek emandako sarrera guztiak saldu dituzte.

Harmailetan ez ezik, zelaian ere izango da Azpeitiko ordezkaritza biharko partidan, Euskal Selekzioaren deialdian baitago Mikel Aranburu.