Santo Tomas, aurten ere bustita

uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2011ko abe. 22a, 19:12

Euriak plaza hustu eta arkupeak bete zituen, ohiko txorizoa dastatzera inguratu zen jendearekin

Festa egitarauan aurreikusitako ekitaldiak ez zituen eragotzi, hala ere, eguraldi umelak

Baserritar jantziari aterkia gehitu zaio aurten ere Santo Tomas eguneko festari. Ia egun osoz bota zuen euriak plaza hustu eta arkupeak bete zituen, ohiko txorizoa dastatzera inguratu zen jendearekin. Izan ere, festa giroak gaina hartu zion beste behin eguraldi ezatseginari eta jendeak ez zion uko egin santotomasetan ia ezinbestekoa den txorizo mokadua dastatzeari.

Festa egitarauan aurreikusitako ekitaldiak ez zituen eragotzi, hala ere, eguraldi umelak. Frontoi Txikian, Ilunpe Pilota Elkartearen gaztetxoen txapelketaren finalak jokatu zituzten. Eizagirre prebenjaminetan, Egiguren eta Andreu lehen urteko benjaminetan, Salegi eta Uranga bigarren urteko benjaminetan, Egiguren eta Galarraga alebinetan, Aranbarri infantiletan eta Illarramendi eta Adonis kadeteetan, izan ziren txapelak jantzi zituztenak. Eguerdian plazan egindako herri kirol erakustaldian, berriz, Joxe Mari Gorrotxategi Alabier-en saioak ikusmina piztu zuen ikusleen artean, baina saiakera ez zitzaion berak nahi bezain ondo atera: 49 minutu pasa behar izan zituen kanako enborra ebakitzeko, asmoa 45 minuturen bueltan egitea zuenean.

Kirolak ez ezik, kultur ekitaldiek ere izan zuten tartean Santo Tomas egunez. Plazako kioskoa bertsolari handiz bete zen eguerdian, Xabier Amuriza, Andoni EgaƱa, Maialen Lujanbio eta Sebastian Lizasoren saioarekin. Udaletxean, berriz, Txalo taldekoek XXIX. Euskal Antzerki Topaketetako Ikuslegoaren Saria jaso zuten, Imanol Amenabar Kultura batzordeburuaren eskutik. Eta iluntzean, Sanagustinen, Maialen Aldalurrek eta Amets Amubietak garaipena errepikatu zuten dantza sueltoko txapelketan.