San Sebastian bezperako danborradak berriro iazko ordutegia izango du

Urola Kostako Hitza 2011ko abe. 22a, 16:12

Ibilbide motzagoa izango du, Damasoko buelta kenduta

San Sebastian egunean, bandera jaisteko helduen danborradak Sanjuandegitik irtengo du

2012ko San Sebastian bezperako helduen danborrada iazkora itzuliko da; hau da, irteera ordua azken urteetakoa izango du datorren urtean. Hala, 22:15ean irtengo dira talde guztiak Olazko Andre Mariaren plaza aurretik, kalean beherantz.

Aurten danborradan talde gehiago irtetekoak zirela-eta aldaketak izan zituen ekitaldiak. 23:00etan irten, denak plazan elkartu, bandera igo eta gero egin zuten ibilbidea. Baina danbor-jotzaileak ordezkatzen dituen taldeak atzera egitea erabaki du aurten. Helduen danborradak izan duen bukaerarekin-eta ez dira gustura gelditu kide guztiak. Baina, nahiz eta 22:15ean irten, talde guztiak gauerdian plazan izateko ibilbidean aldaketak egingo dituzte.

Ibilbide motzagoa

San Sebastian bezperako helduen danborradak ibilbide motzagoa izango du datorren urtarrilaren 19an. Helduen danborradak Perez Arregi plaza (Etxe Zuri aurretik) eta Damaso Azkue auzoko zubitik egiten zuen buelta kendu egingo dute. Tarte hori danbor-jotzaile batzuk zintzurra busti eta atsedenerako hartzen zuten.

Talde bat gehiago

Aurtengoan helduen danborradan lau talde berri izan dira: Loiolabide Zahar, Loiolatxo, Zulo Zabal eta Ollagorra. Beraz, 26 danbor eta upel talde, eta gastadoreak.

Datorren urtean, beste talde bat gehituko da danborradara: OƱatz, gastadoreen danbor taldea. Hauek aurten irtetekoak ziren, baina asmoa urtebetez atzeratu zuten.

Bandera jaistean aldaketak

Beste aldaketa bat ere bada datozen sansebastianetan: San Sebastian egunean, bandera jaisteko helduen danborradak Sanjuandegitik irtengo du. 22:45ean irtengo du danborradak eta Jose Antonio Agirre plazan pare bat pieza joko dituzte. Gero, herriko alde zaharretik ohiko ibilbidea egingo du danborradak eta, plazan denak bilduta daudenean, udaletxean herriko bandera jaitsiko dute.

Hurrengo batzarra eta entseguak

Helduen danborradako ordezkarien hurrengo batzarra abenduaren 28an da, ohiko orduan. Ondoren, danborradako entseguen txanda izango da: urtarrilaren 16an, 17an eta 18an, Izarraitz pilotalekuan. Dena den, dagoeneko danbor talde bat edo beste entseatzen hasi da, eta beste batzuk urtarrilaren hasieran hastekotan dira.