Santo Tomas eguneko dantza suelto lehian herriko bederatzi bikote ariko dira

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2011ko abe. 20a, 19:12
Maialen Aldalur eta Amets Amubieta Gipuzkoako txapela irabazita.

Iazko txapelketako irabazleek, Maialen Aldalurrek eta Amets Amubietak, 17. txapela dute helburu

Joxe Mari Gorrotxategi Alabier-ek, berriz, eguerdiko herri kirol erakustaldian erronka berria izango du

Gazteen Azpeitiko XI. Dantza Suelto Txapelketa jokatuko da Sanagustin kulturgunean bihar, Santo Tomas egunez, 18:00etan hasita. Iaz, txapelketan kulturgunea estreinatu zuten, eta leporaino bete zen. Aurten ere aterpean jokatuko da. "Kanpoan jokatzen zenean ere jende asko biltzen zuen txapelketak", dio Luis Alberdi dantza irakasleak. Sanagustingo oholtzako lurra probatzen jardun du bi dantzarirekin, Maialen Aldalurrekin eta Amets Amubietarekin. Horiek iaz Azpeitiko txapelketa irabazi zuten, eta bihar gazteen mailan azken txapelketa jokatuko dute, Garazi Gurrutxagak eta Asier Ibargurenek bezala. Gero, helduen mailara igaroko baitira.

Aurreko azken bi txapelketak, Oriokoa eta Hernanikoa, irabazita datoz Azpeitira Aldalur eta Amubieta. Horrek animatu egiten dituela adierazi dute: "Azken txapelketan aurrenengo postua lortutakoan, hurrengoan motibatuago hartzen da parte".

Aldalur eta Amubieta 2006an hasi ziren elkarrekin dantzan, bikotea osatuz. Ordutik elkarrekin jardun dute, eta hamasei txapel eta hainbat garaikur lortu dituzte; tartean, azken bi urteetako Gipuzkoako txapelak.

Astean bi egunetan dute dantza sueltoko entsegua. "Txapelketa garrantzitsuren bat gertu dugunean astean hirutan ere entseatu ohi dugu, baina biok saskibaloian jokatzen dugu, eta dantzarako ez dugu denbora gehiago". Astebururen batean edo bestean, saskibaloi partida jokatu eta presaka dantza txapelketan lehiatzera ere joan behar izan dutela kontatu dute. Luis Alberdi Beltza dute dantza irakasle. Alberdik aurten 30 urte bete ditu dantza erakusten.

Garazi Gurrutxaga eta Asier Ibarguren dituzte ondo-ondoan Aldalurrek eta Amubietak. Gurrutxaga eta Ibarguren Euskal Herriko txapeldunak dira, eta hauek ere bihar Sanagustingo oholtzan ariko dira dantzan, azken aldiz gaztetxoen mailan.

Txapelketan hamabost bikotek hartuko dute parte. Horietatik bederatzi Azpeitikoak dira. Hainbat herritako dantzariak ariko dira lehian: Alegi, Amasa, Anoeta, Azpeiti, Hernani, Lezo, Oiartzun, Villabona eta Zizurkilgoak. Izarraitz Txistulari Taldekoen fandangoa dantzatu beharko dute, eta Imuntzo eta Beloki trikitilarien doinuan arin-arina.

Dantza txapelketan helduen mailako Euskal Herriko txapeldun Jon Ibargureni eta Idoia Besadari aipamen berezia egingo diete.

Alabier-en erakustaldi berria

Santo Tomas eguneko egitarauan, bestalde, azken orduko berrikuntzak ere sartu dituzte. Hala, Joxe Mari Gorrotxategi Alabier-ek eguerdiko herri kirol erakustaldian erronka berria izango du. Kanako enborra 45 minuturen bueltan moztea da 66 urteko azpeitiarrak bere buruari jarri dion lana, Erlon apustua irabazi eta hilabetera.

Azken orduko berrikuntzen artean egongo da, era berean, Hegalditxo bat herriko umeentzat ekimena. Uso mezulariekin postua jarriko dute plazan. Umeei uso bat aukeratu eta haren bidez mezu bat bidaltzeko aukera emango zaie. Ordubiak aldera askatuko dituzte usoak plazan. Eta, arratsaldean, etxera itzuli diren hiru usoak aukeratu dituzten umeentzako opari txiki bana izango da.