Ron zaporea duen rock dantzagarria

Urola Kostako Hitza 2011ko abe. 1a, 18:12

Ze Esatek!-eko Unai Frantzesena bateria jotzaile azpeitiarrak taldearen Rock & Ron bigarren diskoaren nondik norakoak azaldu dizkio Urola Kostako Hitza-ri

Rocka alde batetik, eta rona, bestetik. Ze Esatek! taldearen bigarren lanak bi alderdi horiek betetzen ditu, eta izenburua jartzerakoan ere Rock & Ron (Elkar) hitz jokoa egin nahi izan dute. "Doinua indartsuagoa da orain. Lehen trikitilari bat geneukan taldean, eta abesti batzuk berak egiten zituenez, bere ukitua zuen. Orain, haren faltan, gitarristek egin dituzte abesti gehienak eta, ondorioz, rockeroagoak atera dira", adierazi du taldeko bateria jotzaile Unai Frantzesena azpeitiarrak. Garapena garapen, jarraitzaileak ez bitez larritu: "Lehengo jai-giroari eutsiko diogu abesti berrietan ere. Rocka da, baina baita parrandako musika ere".

Ron izendapena, berriz, taldeak Kubara eginiko bidaiari egiten dio ohore. Iazko Gabonetan bi aste pasatu zituzten irlan, eta sei kontzertu eman zituzten. Bertako bizipenak eta ezagututako jendearen testigantzak ikus-entzunezko batean jaso, eta disko berriarekin argitaratu dute, DVD formatoan. "Bira gisa Kubara gindoazela-eta, hango egonaldia grabatzeko aprobetxatu genuen. Ez genekien garbi zer-nolako irteera emango genion, baina esperientzia hori kameralari profesional baten bitartez jasotzea erabaki genuen. Ondoren, hark egin du muntaia guztia", azaldu du Frantzesenak.

Bidaiaz aparte, Azpeitiko Kilometroetarako eginiko abestiaren bideoklipa ere txertatu dute ikusentzunezkoan, material gehigarri moduan. "Nolabait ere, jendeak eskura izan dezan".

Hamar gehi lau

Diskoa 14 abestiz osatuta dago, eta horietatik 10 dira berriak. Gainerako lauak lehendik egindakoak dira: Kilometroetako abestia; Txori Barroteren 25. urteurrena ospatzeko sortutakoa; iazko Ikasle Eguneko kanta; eta Esne Beltza taldeko DZ disko-jartzaileak eginiko Erregina abestiaren nahasketa. Azken finean, "horiek ere aurtengo lanak izan dira, eta interesgarria iruditzen zitzaigun euskarri baten barruan biltzea".

Abesti berriak, berriz, rockeroagoak dira, baina lehen diskoaren esentziari eusten diote: "Erritmo dantzagarriak dira eta parrandarako aproposak. Beharbada, abesti berriak aurrekoak baino azkarragoak dira; biziagoak, alegia". Kubako egonaldia ere antzematen da diskoan, batez ere, Katia abestian. Dena dela, hara joan aurretik egindako pieza da: "Kubako jendeari abesti bat eskaintze aldera, prestatuta eraman genuen hemendik. Hara joan ginenean abestiak ez zuen izenik, eta han jarri genion Katia izena. Katia gurekin abesten aritu zen kubatar bat da. Berak erakutsi zigun Kubako errealitate handi bat, eta bere gurasoen etxera ere eraman gintuen. Harreman handia egin genuenez, bere izena jarri genion abestiari".

Abesti batzuetarako hainbat idazleren hitzak moldatu dituzte; esaterako, Joseba Sarrionandiaren eta Jose Luis Otamendiren olerki bana. Era berean, Kilometroetako abestiko letra Pako Aristirena da. Gainerako hitzak taldekideek eurek idatzitakoak dira. Doinu parrandazaleak badira ere, aldarrikatzeko aukerarik ez du galtzen Ze Esatek! taldeak: "Kritika sozialak, politikoak eta erlijiosoak, berdintasunaren aldekoak... Festa girokoak diren arren, mezua duten hitzak idazten jarraitzen dugu". Horien artean, esaterako, Rebeca Linares porno aktore donostiarrari Urrezko Danborra emateko aldarria.

Prozesu azkarra

Abesti batzuk lehendik grabatuta bazituzten ere, irailean grabatu zuten Rock & Ron disko berriaren zati handiena; eta nahasketak, azkenik, urrian egin zituzten. Usurbilgo Higain estudioetan aritu ziren lanean, Haritz Harreguy teknikariaren gidaritzapean.

Oro har, prozesu guztia bizkor-bizkor egin dute: "Epe batzuk jarrita geneuzkan, baina guztia aurreratu behar izan dugu. Tximista baino azkarrago aritu gara, gutxi gorabehera", adierazi du bateria jotzaileak. Presaka ibiltzea, hein batean, Durangoko Azokak eragin die: "Taldekide asko gara eta gauzak lasai hartzen ditugu. Baina hitzordura garaiz iristeko, diskoetxeak epe jakin batzuk finkatu zizkigun eta, ondorioz, prozesua estutu egin behar izan dugu. Hori horrela izanda ere, oso gustura geratu gara azken emaitzarekin".