EAJ: "Bilduk EAJrekin kontatuko balu dena hobeto joango litzateke"

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 7a, 20:11
EAJren zinegotziak. Ezkerretik eskubira, Nerea Aldai, Aitor Gorrotxategi, Jexux LarraƱaga, Itziar Lasa eta Onintza Etxeberria. (NEREA URANGA)

Osoko bilkuretan eta batzordeetan "dekorazio hutserako irudi" bihurtu dituztela kritikatu dute jeltzaleek

Eneko Etxeberria alkatea kargua hartutakoan esan zuenarekin "kontraesan garbian" ari dela diote

Eneko Etxeberriak (Bildu) Azpeitiko alkatearen kargua hartu zuenean esandako hitzak "hutsak" izan direla kritikatu dute Azpeitiko EAJren udal ordezkariek: "Gehiengo absolutua lagun duela hartu zuen alkatetza eta oso hitzaldi ederrarekin poztu gintuen. Lau hilabete igaro dira eta Eneko Etxeberriak esandako hitz magiko haiek hutsak bilakatu dira". Ostiralean, azaroaren 4ean, egin zuten agerraldia Sindikatu Zaharrean. Agintaldi berria hasi zutenetik, Bilduk EAJren zinegotziak "baztertzea" nahiago izan duela kritikatu dute, "dekorazio hutserako irudi bihurtuz osoko bilkuretan eta batzordeetan, horrela berak [ alkateak ] nahi duen erara, modu napoleonikoan gobernatzeko". Eneko Etxeberria alkatea kargua hartutakoan esan zuenarekin "kontraesan garbian" ari dela diote EAJkoek. EAJren arabera, Bilduren jarrera "antidemokratikoa" da.

Zuhurtzia demokratiko eske

Bilduren jarrera kritikatzeaz gainera, "Azpeitiaren alde lan egiteko" eskaini dira EAJkoak, "benetan, oposizio eraginkorra eta positiboa" egin nahi dutelako. "Azpeitiar guzti-guztiok ondo baino hobeto jakin behar duzue, gu hemen lan egiteko gaudela, ahalik eta kalterik txikienarekin gainditu ahal dezagun gaur eguneko krisi larri hau, eta zuhurtziaz eta irizpide zuzenez kudeatzeko diru publikoa", gaineratu dute jeltzaleek. Horregatik, Bilduri gehiengo absolutua kudeatzerakoan, "zentzu handia eta zuhurtzia demokratikoa" eskatuko dizkiote.

Herriaren etorkizunarentzako "beharrezko" izango diren "akordio erabakigarri" horiek lortzeko, oposizio eraginkorra nola egiteko asmoa duten ere azaldu dute EAJkoek: "Ideiak aurkeztuz, kritika argudiatuak azalduz, eztabaida zintzoa eta akordioak mahaigaineratuz. Ez du balio Bilduk gehiengo absolutu hori berak bakarrik erabiltzea". Herriaren aldeko kontuetan "aginteak eta oposizioak elkar ulertzea" beharrezkoa dela uste baitute.

"Lau urte ezin dira galdu"

"Azpeitiak ezin ditu lau urte galdu" jeltzaleen arabera, horregatik egoera sozio-politikoari "erantzun tinkoak" eman behar zaizkiola pentsatzen dute, eta Bilduri "erantzukizun politikoa" eskatu diote. Bide horretan, EAJren elkarlana eskaini dute: "Ziur gaude azpeitiar gehienek Azpeitiko udalbatzako alderdi guztiak elkarrekin lan egiten ikusi nahi gaituztela. Nahiago dute denok norabide berean tiraka ikustea". Gaur egun udaleko kide guztiek aurkari berberak dituztela uste baitute jentzaleek: "Krisia, segurtasunik eza eta langabezia. Nahiko argumentu badira denok elkar hartzeko, ados jarri eta behin-behingoz serioski lan egiten hasi gaitezen".

Une honetan, ados jartzeko bi gai mahaigaineratu dituzte EAJkoek: batetik, ados jartzea prezio publikoetan eta 2012-2015 ekitaldietarako udal aurrekontuen irizpideetan. Bestetik, Azpeitiko Arau Subsidiarioetan ados jartzea eta behin betiko onartzea. Prezio publikoen eta udal aurrekontuaren arloan lehentasuna "aurrezkia bultzatzea eta gastuari eustea" direla ere esan dute.

Elkar ulertzeko garaia

ETAk jarduera armatuari amaiera emanda, elkarren artean errazago ulertzeko modua dagoela uste du EAJk, "elkarren artean ulertzeari oztopo larria jartzen zion baldintzari bukaera eman dio. Eta horrek une hauetan elkarrengandik urrun ibiltzeko baino, elkar ulertzeko argudio gehiago ditugunon arteko tarteari amaiera emateko hitz ozenez eskatzera garamatza". Jeltzaleen arabera, alderdikeriak alde batera utzi eta eseri eta elkar ulertzeko momentua da.