Jokin Uranga Gipuzkoako Txapelketako finalerdietan izango da

Uztarria.eus 2011ko aza. 6a, 22:11
Jokin Uranga eta Ane Labaka kartzelako ariketan.

Zuzenean sailkatu da gaurko, igandea, Azpeitiko saioa irabazita, 488 punturekin

Finalerdietan izango da Uranga, eta Beñat Lizaso ere bai

Jokin Uranga Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdietan izango da, zuzenean sailkatuta, gaur, igandean, Azpeitiko saioa irabazi du-eta. 488 puntu eskuratu ditu azpeitiar bertsolariak. Iker Zubeldia izan da bigarrena, 478 puntu lortuta. Hirugarrena, berriz, Iñaki Apalategi izan da eta 472.5 puntu lortu ditu. Hiru horiek sailkatu dira finalerdietara. Gainontzean, laugarren izan da Unai Muñoa 466 punturekin; bosgarrena Arkaitz Oiartzabal Xamoa 463 puntu lortuta; seigarren Ane Labaka sailkatu da, 451 punturekin.

Izarraitz frontoia leporaino bete da (1.500 bat ikusle). Euriak euri, herriko zein inguruetako bertsozale ugari elkartu da pilotalekuan.

Lan puntuagarrietako emaitzak ikusteko egin klik hemen .

Bi azpeitiar finalerdietan

Bi asteburutan ez da txapelketako saiorik izango. Hala ere, hilaren 26an hasiko dira finalerdiak Arrasaten. Bigarren finalerdia Tolosan izango da hilaren 27an eta, hirugarrena, Hernanin, abenduaren 4an.

Finalerdietara hamazortzi bertsolari sailkatu dira; tartean, Jokin Uranga eta Beñat Lizaso azpeitiarrak. Beñat Lizasok Tolosan kantatuko du, puntuazioz seigarren sailkatuta. Jokin Uranga, berriz, Hernaniko saioan izango da.

Finalerdietako informazioa ikusteko egin klik hemen .

Sarrerak erosteko, berriz, hemen .