Ibaiaren mailatik behera dauden garajeetatik kotxe guztiak ateratzeko deia egin du Udalak

Uztarria.eus 2011ko aza. 6a, 19:11

Eguraldiaren aurreikuspenak okerrera egin du eta ibaiak gehiago hazi daitezke

Betharram, Iraurgi eta Urola ikastetxeetako aparkalekuak irekita izango dituztela eta plaza ere irekiko dutela esan du Eneko Etxeberria alkateak

Eurite gogorren ondorioak ez dira momentuz baretu Azpeitian. Ibaiaren mailatik behera dauden garajeetatik kotxe guztiak ateratzeko deia egin berri du Udalak; eguraldiaren aurreikuspenak okerrera egin du, ibaiak gehiago hazi daitezke eta, ondorioz, neurriak hartzea erabaki dute.

Betharram, Iraurgi eta Urola ikastetxeetako aparkalekuak irekita izango dituztela eta plaza ere irekiko dutela esan du Eneko Etxeberria alkateak.

Abisu hori kalez kale ere emango dutela iragarri du alkateak, megafonia bidez. Etxeren batean uraren ondorioz arriskuan aurki daitezkeenei ere luzatu die deia Etxeberriak, Udaltzaingora deitzeko (943 151313 da udaltzainen telefonoa).